Zerga bilketa

Zerga bilketak aurreikuspenak gainditu ditu, eta 17.000 milioi euroren langa gainditu du

Urrian kalkulatu baino 130 miloi euro gehiago bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 2022an. Maiatzean hasiko da jasotzen energia konpainiei eta bankuei ezarritako tasaren dirua.

Jaurlaritzako, aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2023ko otsailaren 15a
18:26
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek inoizko zerga bilketarik handiena egin zuten iaz: 17.130 milioi euro. Iaz baino 1.167 milioi gehiago da hori (+%7,3), eta urrian kalkulatu baino 130 milioi gehiago. Emaitza esperotakoa zen, bilketa iazkoaren gainetik joan zelako urte guztian zehar, eta, mehatxuak mehatxu, ekonomiak bolada onari eutsi diolako. Datorren urtean emaitza hobetu egingo dela espero da, gainera.

Hiru herrialdeek gainditu dituzte iazko emaitzak, baina Gipuzkoa izan da aurreikuspenak bete ez dituen bakarra. Urrian kalkulatu baino 214 miloi euro gutxiago bildu baititu zergen bitartez. Guztira, 5.598 miloi euro bildu zituen, iaz baino %4,8 gehiago. Bizkaiak 8.803,4 milioi bildu ditu, iaz baino 670 milioi baino gehiago kasik (+%8,2). Arabaren kasuan ere iaz baino 242 milioi euro gehiago bildu dira, 2.729,1 milioi euro guztira (+%9,7).

Bi dira bilketaren emaitzaren arrazoi nagusienak. Batetik, prezioen garestitzea dago, eta horrek kontsumoan izan duen eragina. Izan ere, BEZ zerga izan da gehien handitu dena, iazko datuekin alderatuta: %10,6.Guztira, 6.921 milioi euro bildu dira.

Bestetik, lan merkatuaren bolada onak ere izan du zereginik. Inflazioa bezainbat izan ez bada ere, soldatak ere gora egin dutelako. Guzti hori errenta zergan islatu da, hain zuzen ere: %6,3 handitu baita lanaren errentari atxikitako zergaren bitartez bildutakoa. Guztira, 6.497,7 milioi batu dira, iaz baino ia 400 milioi euro gehiago.

Sozietate zerga ere handitu egin da: iaz baino %17 gehiago bildu da aurten, hots, 200 milioi gehiago. 1.351,2 milioi euro guztira.

Aldiz, iaz baino gutxiago jasoko dituzte zerga berezien bitartez: %10,1 jaitsi da tabakoari eta erregaiei ezartzen zaizkien zergen zenbatekoa, batez ere, argindarrarieta erregaiei ezarritako zerga bereziak ere jaitsi egin direlako.

Horrez gainera, iaz lehen aldiz ezarri ziren beste bi tasa berri ere, zerbitzu digital jakin batzuei ezarritakoa eta finantza transakzioen gainekoa (Google eta Tobin tasak). Madrilekin itundutako zergak dira horiek ere, eta guztira 126,6 milioi jaso dituzte ogasunek haiei esker.

Ezohiko sarrera bat

Diru bilketaren kopuruan jasota ez badago ere, hiru ogasunek ezohiko diru sarrera bat izango dute aurten, energia enpresen eta bankuen gaineko tasarena. Zuzeneko zergak badira ere, eta horien eskumena foru ogasunena bada ere, Madrilek ez zituen zerga gisa aurkeztu, prestazio publiko gisa baizik, eta bera arduratzen da bilketaz ere. Azaroan, ordea, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten zerga horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen esku uztea.

Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren azken bileran adostu zuten, bada, bildutako osoaren zati bat ematea ogasunei. Zehazki, kopuru osoaren %6,4 jaso dute. Kalkulatzen dute 400 milioi euro inguru izango direla datozen bi urteetan. Pedro Azpiazu ogasun sailburuak iragarri duenez, maiatzean jasoko du Eusko Jaurlaritzak diru kopuru aurreneko zatia. Ez du esan zenbat izango den, ez eta zertarako erabiliko duten ere, baina adierazi du foru aldundien –eta udalerrian– artean egingo dutela banaketa, ohiko koefizienteak erabiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.