Mundua

Gutxienez 250 dira Irak iparraldeko atentatuetan hildakoak

Osasun zerbitzuetako buruek 500 ere izan daitezkeela aipatu dute. Zaurituak 300dik gora dira. Lau kamioi bonba zartarazi dituzte suizidek Ninive probintzian. Jazidi talde erlijiosoko kideak izan dira atentatuen jomuga. Irakeko Gobernuaren arabera, Al Kaedak egin ditu. Kulturaz kurduak dira jazidiak, eta gutxiengo hori behar bezala ez zaintzea egotzi dio Kurdistango gobernu autonomoak Bagdadi.

Berria -

2007ko abuztuak 15
2003an AEBek gidatutako okupazioa hasi zenez geroztiko sarraski handiena egin dute gaur Iraken: lau kamioi bonba zartarazi dituzte suizidek iparraldeko Ninive probintzian, eta gutxienez 250 lagun hil dituzte eta 300 bat zauritu. Hori agintariek emandako kopuru ofiziala da, baina Kifa Muhammad Sinjarko ospitaleko zuzendariaren arabera, 500 bat dira hildakoak eta 300dik gora zaurituak. Sinjar hiriko lurretan gertatu dira atentatuak, Siriako mugatik hurbil. Jazidi talde erlijiosoko kideak izan dira erasoen jomuga. Kulturaz kurduak dira jazidiak, eta Kristautasunaren, Islamaren eta horiek baino lehenagoko sinesmen paganoak dituen erlijio bat praktikatzen dute. Gehiengo musulmanak areriotzat hartzen ditu jazidiak, batik bat, joan den apirilean beren komunitateko neska bat mutil musulman batekin harremanetan egoteagatik harrika hil zutenetik. Esan bezala, azkenaldian areagotu egin dira haien kontrako erasoak; Al Kaedak mehatxu zehatza ere egin bide die egunotan: Islamaren etsaitzat jo eta haien kontra egingo duela iragarri bide du. Hain justu, Irakeko Gobernuak Al Kaedari egotzi dizkio erasoak. Jazidiak kurduak dira kulturaz, eta, halaber, jazidien gehiengoa Iraken mendeko kurdistanen bizi da. Hori dela eta, Irakeko Kurdistango gobernu autonomoak Bagdadeko Gobernuari egotzi dio, hein batean, gaurko sarraskiaren errua: jazidiak behar bezala ez babestea leporatu dio, eta eskumen hori emateko galdegin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna