Funtzio publikoa

Nafarroako Gobernuak %2,5 igoko die aurten soldata langile publikoei

Igoera martxotik aurrera aplikatuko da, eta urtarrileko eta otsaileko igoera batera ordainduko zaie. Igoera hori 37,9 milioi euro kostatuko da guztira.

Javier Remirez presidenterordea. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko otsailaren 22a
14:32
Entzun

Aurrekontuetan hala zehaztu zen, baina azkenean ofizial egin du Nafarroako Gobernuak. Aurten, %2,5 igoko die administrazio publikoan, bere erakunde autonomoetan eta sozietate publikoetan lan egiten duten 30.000 langileri.

Gobernuaren arabera, ostiraleko Mahai Orokorreko bileran igoera horren berri eman zieten bertan parte hartzen duten sindikatuei.

Igoera 37,9 milioi euro kostatuko da. Iaz, orotara %3,5 igo zitzaien soldata langile publikoei —urtarrilean, %2, eta azaroan, atzerako eraginarekin, beste %1,5—. Azaroko igoera hori kontsolidatuta, 2022 hasierako asmoekin alderatuz, aurrekontua 60 milioi euro handitu da, gobernuaren arabera.

Igoera martxotik aurrera aplikatuko da, eta urtarrileko eta otsaileko igoera batera ordainduko da.

Egun inflazioa handiagoa denez, erosahalmena galtzen ari direla salatu dute sindikatuek. Otsailaren 15ean, LAB, UGT, CCOO, ELA eta Steilas sindikatuek grebara deitu zuten, eta arrazoietako bat soldata igoera izan zen.

Gobernuak ihardetsi du estatuko aurrekontu orokorretan gehienez %2,5eko igoera ezarri zela, eta Nafarroako 2023ko aurrekontuetan «estatuaren legedi hori ez gainditzea» ezarri zela.

Iraganean, funtzio publikoan eskumen propioak izan ditu Nafarroak, baina gobernuak Madrilen ezarritako irizpideari heldu zaio, bestelako igoerarik ez aplikatzeko tarterik ez dagoela argudiatzeko.

Gobernuak azpimarratu duenez, legealdi honetan esfortzu handia egin dute langile publikoen kopuruari eta haien soldatari dagokienez. Azken lau urtetan funtzio publikoan 3.160 langile gehiago daude, aurreko legealdiaren aldean: osasun arloan «ia 1.000 gehiago», eta Hezkuntzan 1.600 gehiago.

Egun, langile publikoen soldatek 1.686 milioi euroko aurrekontua dute: 2019an baino 340 milioi gehiagokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.