Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Errusiak «arreta handiagoarekin» sendotuko du bere indar nuklearra

Errusiaren inbasioaren lehen urteurrenaren bezperan Putinek nabarmendu du aurten hedatuko dituela kontinente arteko Sarmat misilak. Zelenskik esan du Txinako agintariekin bildu nahiko lukeela.

Putin, atzo, Moskun, zeremonia batean.
Putin, atzo, Moskun, zeremonia batean. EFE

Igor Susaeta -

2023ko otsailak 23

Errusiak «arreta handiagoarekin» sendotuko du lurreko, itsasoko eta aireko bere indar nuklearra. Hori jakinarazi du Vladimir Putin Kremlineko buruak gaur. Albistea heldu da, hain zuzen, AEBekin arma nuklearren kontrolerako duen itun bakarra behin-behinean eten duela aditzera eman eta bi egunera —Mendebaldeko herrialdeek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak aho batez kritikatu zuten erabakia—. Aberriaren Defendatzailearen Egunaren harira grabatu duen bideoan nabarmendu du, bide batez, aurten hedatuko dituela kontinente arteko RS-28 Sarmat misilak, Mendebaldeko armadek Satan 2 deitutakoak. Errusiaren inbasioak urtebete egin bezperan heldu da iragarpena.

Moskuk dozena erdi bat urte daramatza misil hori garatzen. 35 metroko luzera du, eta azken urteotan adituek azaldu dutenez, 18.000 bat kilometroko irismena du eta hainbat buru nuklear jaurtitzeko gai da. Iazko apirilean frogatu egin zutela eta 6.000 kilometroko bidea egin zuela adierazi zuen Errusiak. Zientzialari Estatubatuarren Federazioak iazko azaroan kaleratutako datuek diotenez, Errusia da buru nuklear gehien dituen herrialdea: ia 6.000.

Putinen esanetan, «armada eta flota moderno zein eraginkorrak» edukitzea «segurtasun berme bat» da, eta horregatik agindu du jarraituko dutela Kinzhal misil hipersonikoak eta Zircon itsaspeko nuklearrak «modu masiboan» produzitzen. «Gure defentsaren sendotasuna lehenesten segituko dugu».

Ikusi gehiago: Errusiak eten egin du arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin zuen ituna

2010ean Washingtonekin sinatutako START Berria akordioa uztearen ondorioez ohartarazi du Kremlinek azkeneko hiru egunetan, eta aintzat hartu behar da, bestetik, AEBak eta NATO ari direla esaten Txina aztertzen ari dela Errusiari laguntza militarra ematea. Hori erakusteko frogak dituela esan zuen Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak aurreko asteburuan, Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania), eta Jens Stoltenberg Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusiak adierazi zion, atzo, Associated Press berri agentziari, jarrera horren berri ematen duten «zantzuak» dituztela.

Eta identifikatu gabeko AEBetako iturri ofizialak aipatuz The Wall Street Journal egunkariak gaur kaleratu duenez, AEBetako Gobernua eztabaidatzen ari da Txinak Errusiari egindako balizko arma transferentziari buruzko inteligentzia zerbitzuen informazio bat argitaratu ala ez. AEBetako egunkari horrek jaso duenez, aliatuek «ohartarazpen formal bat» egin zioten Wang Yi Txinako Kanpo Aferetarako Batzorde Zentralaren zuzendariari, Munichen.

Ikusi gehiago: Txinak iragarri du bake egitasmo bat aurkeztuko duela Ukrainarako

Iturri gisa baliatutako funtzionarioek esan dutenez, Txinak ez du, oraindik, auziari buruzko erabakirik hartu. Hori bai, Pekinek bake egitasmo bat aurkeztuko duela iragarri zuen Txinaren diplomazialari gorenak, joan den asteburuan, Munichen. Azken astean Europan izan da, bilerak egin ditu Italiako, Hungariako eta Alemaniako gobernuetako agintariekin, baita Putinekin ere, atzo. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak «aldatu ez den jarrera orekatua» eskertu zion Yiri. Inbasioa hasi zenetik, Txinak azpimarratu izan du herrialde guztien lurralde bateratasuna errespetatu behar dela, baina nabarmendu du, aldi berean, herrialde guztien «kezka legitimoei» erreparatu behar zaiela. Errusia eta Txina aliatu geopolitikoak dira.

Aurreko larunbatean Txinako diplomaziaburuak Munichen aurreratu zuenez, Xi Jinping Txinako presidenteak bihar da, inbasioaren lehen urteurrenean, bake egitasmoa aurkeztekoa. Horrekin lotuta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur esan die kazetariei ez duela Pekinen bake egitasmoaren berri, eta Txinako agintariekin biltzea gustatuko litzaiokeela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yvan Colonnaren aldeko pintada bat, artxiboko irudi batean ©Berria

Colonnaren hilketaren ikerketa batzordeak agintarien «hutsegiteak» eta «ekintzarik eza» salatu ditu

Ander Perez Zala

Diputatuek urte erdiko lanaren ondorioak aurkeztu dituzte, eta 29 gomendio eman dituzte; tartean, DPS estatusaren «beharrezko erreforma».

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez, atzo, Moncloan egindako agerraldian. ©BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE

Sanchezek uztailaren 23ra aurreratu ditu Espainiako Gorteetarako bozak

Arantxa Elizegi Egilegor

Espainiako Gobernuko presidenteak bere gain hartu du PSOEk igandeko bozetan izandako emaitza txarren erantzukizuna. Gaurtik, hamar eguneko epea dute alderdiek koalizioak aurkezteko

Maider Etxebarria PSE-EEren Gasteizko alkategaia, kanpainako ekitaldi batean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Ezusteko deiaren eragin posiblea

Iosu Alberdi

Sanchezek Espainiako Gorteetarako bozak aurreratu izanak eragina izan dezake igandeko emaitzen kudeaketan. Ricardo Feliuk, Maria Silvestrek eta Asier Etxenikek egoera aztertu dute.

Poloniako Justizia ministro Zbigniew Ziobro eta Europako Batzordeko Justizia komisario Didier Reynders, 2021ean izan zuten bilkura batean, Varsovian ©RAFAL GUZ / EFE

Bruselak «neurriak» hartuko ditu inhabilitazioei buruzko Poloniako legea indarrean sartzen bada

Ander Perez Zala

Europako Batzordeko Justizia komisarioak esan du «kezka bereziak» dituela Errusiaren influentziari buruzko ikerketa batzordeaz; politikariak, kazetariak eta zibilak zigortu ahalko ditu. Udazkenean egingo dituzte bozak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...