Albistea entzun

Zinema

Sofia Oterok aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza lortu du, '20.000 especies de abejas'-en egindako lanagatik

Nicolas Philiberten 'Sur l'Adamant' filmak irabazi du Urrezko Hartza, Christian Petzolden 'Roter Himmel' filmak epaimahaiaren sari nagusia, eta Philippe Garrelek zuzendaririk onenaren Zilarrezko Hartza.

Sofia Otero, Berlinen, Zilarrezko Hartza eskuetan duela.
Sofia Otero, Berlinen, Zilarrezko Hartza eskuetan duela. HANNIBAL HANSCHKE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2023ko otsailak 26 09:22

«Eskerrak talde teknikoari, ile apaintzaileei, makillatzaileei, zuzendariari, ekoizleei, gurasoei, anai-arrebei, aitona-amonei, osaba-izebei...». Berlinale zinema jaialdiko sariak banatzeko ekitaldian zeudenek ezin izan dute irribarrea gorde Sofia Oterok malkotan egin duen esker mezua entzutean. 8 urteko basauriarrak aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du, Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 especies de abejas filmean egindako lanarengatik. Lehenengoz aritu da kamera baten aurrean, haur trans baten larruan.

Filma gaztelaniaz da nagusiki, baina euskarak badu bere tokia. Lehen aldiz lehiatu da euskarazko lan bat Berlinaleko Sail Ofizialean.

Kristen Stewart aktore ezagunak eman zion saria Oterori; izan ere, aurten hura aritu da epaimahaiburu, eta harekin izan dira epaimahaian Francine Maisler casting zuzendaria, Golshifteh Farahani aktorea, eta Valeska Grisebach, Radu Jude, Carla Simon eta Johnnie To zinema zuzendariak.

«Erotu zarete, ala?». Nicolas Philibert zinemagileak segundo batzuk behar izan ditu aulkitik altxatzeko, eta beste batzuk igaro ditu isilik agertokian, Urrezko Hartza irabazi duela sinetsi ezinda bezala, hitz horiek esan aurretik. Izan ere, hark zuzendutako Sur l'Adamant dokumentala ez zen ageri sari nagusia irabazteko hautagai faboritoen kinieletan. Buruko gaitzak dituztenentzako zentro bat da Adamant, Sena ibaian dagoen ur gaineko egitura bat, eta hura erakutsi du Philibertek bere lanean. «Dokumentala zinema da, eskubide osoz: 40 urte daramatzat borroka horretan», esan du saria jasotzean.

Epaimahaiaren sari nagusia Christian Petzolden Roter Himmel lanak irabazi du. Carlos Saura hil berriarekin oroitu da Petzold saria jasotzean, eta esan du Deprisa, deprisa bere film kutunetako bat dela —Urrezko Hartza irabazi zuen 1981ean—. Epaimahaiaren saria, berriz, Joao Canijoren Mal viver filmak lortu du.

«Gora irandarren iraultza!», oihukatu du Philippe Garrel zinemagileak, zuzendaririk onenaren Zilarreko Hartza jasotzean, saria Jean-Luc Godard zenari eskaini aurretik. Le grand chariot filmagatik saritu dute.

Taldeko aktorerik onenaren saria Thea Ehreri eman diote, Christoph Hochhauslerren Bis ans ende der nacht filmean egindako lanagatik —«garbi esanda: burua lehertu digu», azaldu du Stewartek—; gidoirik onenarena, Angela Schaneleci, Music filmagatik; eta ekarpen artistiko bikainarena, Helene Louvart argazki zuzendariari, Giacomo Abbruzzeseren Disco Boy-n egindako lanagatik.

Erkiziaren lanari saria

Encounters sailean, Bas Devosen Here-k lortu du filmik onenaren saria, eta epaimahaiaren sari berezia Paul B. Preciado filosofo eta idazle espainiarraren Orlando, ma biographie politique-k eta Lois Patiño galiziarraren Samsara-k, ex aequo. Xabier Erkiziak egin du soinu diseinua Samsara-n; «filmak entzuteko ere badirelako», ospatu du sarean.

Gainera, epaimahai independenteek ere saritu dute 20.000 especies de abejas filma: Gilde zinema aretoen ordezkariek sari bat eman diote, eta Berliner Morgenpost egunkariaren irakurleek ere bai.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.