Berria Erremonte Txapelketa
Gurrutxaga-Zalduak eta Irazu-Zubirik lortu dute Berria Txapelketako lehen garaipena
Atzelari beteranoek hobeto lagundu zieten oso ongi aritu ziren aurrelari debutariei. Aiestaran eta Eskudero ere ongi aritu ziren.

Berria Erremonte Txapelketa 2023 bi partida ezberdinekin hasi zen. Aurrenekoan Gurrutxagak eta Zalduak 31-35 irabazi zieten Goikoetxea V.ari eta Aiestaran VI.ari. Bigarren partidan Irazuk eta Zubirik 16-35 irabazi zieten Loitegi eta Eskuderori.
Horrela, irabazleek lau puntu dituzte, Goikoetxeak eta Aiestaranek puntua lortu dute, eta sailkapena zaildu egin zaie Loitegi eta Eskuderori puntu negatiboa eskuratu eta gero.
Lehenengo partidan Gurrutxagak eta Zalduak ekimena eraman zuten. Urdinek hiru, lau, bost tantoko abantailak zituzten eta Goikoetxeak eta Aiestaranek desabantaila murriztea lortzen zuten. Hori bai, ez zuten aurretik jartzerik lortzen. Partiduaren azken txanpan hiru tantora eraman zuten abantaila urdinek, 27-30, eta gorrientzat ezinezkoa izan zen emaitza iraultzea. Gurrutxagak eta Zalduak bikote hobea osatu zuten. Zalduak bikain lagundu zion Gurrutxagari, huts gutxi egin eta hamabi tanto egin baitzituen debutariak. Aizarnazabalgoak ederki jokatu zuen. Zaldua bere bikoteari lasaitasuna ematen asmatu zuen. Goikoetxea V.ak lortu ez zuena. Urdinek borrokatu zuten eta partidan sartuta egon ziren, baina ez zuten hain bikote sendoa osatu. Aiestaranek lau tanto egin zituen saketik eta sei piloteoan, baina une batzuetan ez zen ulertu Goikoetxea urduri batekin.
Berria Txapelketako bigarren partida oso ezberdina izan zen. Urdinek 5-6koaren ostean hautsi zuten partida. Hamar tantoko errenta lortu zuten, 5-15ekoan, eta ez zuten markagailua iraultzeko aukerarik izan. Zubiri bikain aritu zen. Dominatu egin zuen eta, batez ere, Loitegi partidatik kanpora utzi zuen. Aurrelari gorriak akats gehiegi egin zituen eta Eskuderorentzat zaila izan zen akats horiei aurre egitea. Lehen partidan bezala atzelariak aurrelaria baino askoz hobeto lagundu zion debutariari. Gainera, puntu negatiboak min handia egiten die gorriei.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.