Literatura

Kenzaburo Oe Nobel sariduna hil da, 88 urterekin

Idazle japoniarra 'Hiroshimako oharrak' obrarekin egin zen ezagun, 1960ko hamarkadan, eta bakearen alde eta energia nuklearraren kontra egindako lanagatik nabarmendu zen. 1994an jaso zuen Literaturako Nobel saria.

Kenzabur Oe, 2012ko argazki batean. EVERETT KENNEDY BROWN / EFE
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 13a
11:39
Entzun

Kenzaburo Oe (Uchiko, 1935-Tokio, 2023) idazle japoniarra hil zen atzo goizaldean, Kodansha argitaletxeak jakinarazi zuenez.

Oek txikitatik izan zuen harremana narrazioekin, bere familiako emakumeek inguruan gertatutakoak kontatzen zituztelako etxean. Oso gaztetatik bakearen aldeko jarrera irmoa izan zuen; izan ere, aita Bigarren Mundu Gerran hil zitzaion, eta horrek betiko markatu zuen gerora idazle bilakatuko zena. Hala, gogoratzen zuen lehen hezkuntzako irakasleak Hirohito enperadorea jainko bizia zela esaten zuela, eta goizero galdetzen ziola: «Zer egingo zenuke enperadoreak hiltzeko aginduko balizu?». Oek beti erantzuten zion: «Hil egingo nintzen, jauna. Sabela moztu eta hil egingo nintzen».

Batxilergoa Matsuyama herrian egin zuen, eta, 18 urte zituela, lehen bidaia egin zuen Tokiora. Hurrengo urtean, Frantziako Literatura ikasten hasi zen Tokioko Unibertsitatean, eta han Kazuo Watanabe izan zuen irakasle. Oe 1957an hasi zen ipuinak argitaratzen, oraindik ikaslea zela, Frantziako eta Estatu Batuetako idazle garaikideen eragin handia zuela.

1961ean, literatura aldizkari batek Oeren Hamazazpi eta Gazte politiko baten heriotza nobela motzak argitaratu zituen. Biak Yamaguchi Otoyan inspiratuta zeuden. 1960an Japoniako Alderdi Sozialistako presidente Inejiro Asanuma erail zuen Otoyak, eta handik hiru astera bere buruaz beste egin zuen, kartzelan. Yamaguchik eskuin muturreko miresleak zituen, eta Gazte politiko baten heriotza-k haserrea piztu zien. Ondorioz, Oeri eta aldizkariari heriotza mehatxuak egin zizkieten aste batzuetan. Aldizkariak laster barkamena eskatu zien, baina Oek ez.

Ipuinak eta eleberri laburrak landu zituen lehen urte haietan, eta 1958an argitaratu zuen lehenengo nobela luzea: Erauzi haziak, fusilatu haurrak. Lan horretan gerraren tragediaz idatzi zuen, landa eremu batean kokatutako istorio baten bitartez. Idazleak berak azaldu zuenez, Jean Paul Sartreren eta beste idazle modernista batzuen eragina izan zuen urte haietan —Sartre bera ezagutu zuen Parisera egindako bidaia batean—.

1964an, Hikari semea burmuineko gaitz batekin jaio ondoren, Kontu pertsonal bat idatzi zuen, horrek eragin zion trauma eta horri aurre egiteko bidea kontatzen zuen nobela, eta hurrengo urtean, berriz, ospetsu bilakatu zuen liburua: Hiroshimako oharrak, Bigarren Mundu Gerran bonba atomikoak suntsitutako hirira egindako bidaia baten kazetaritza kronika.

Orduz geroztik idatzitako lanetan bi gai nagusitu ziren; aitatasuna batetik, eta Japoniako gizartea bestetik.

1994an Literaturako Nobel saria jaso zuen. Sari hori jasotzen zuen bigarren idazle japoniarra bilakatu zen horrela, Yasunari Kawabataren ondoren.

2005ean, erretiratutako bi ofizial militar japoniarrek Oe salatu zuten 1970ean idatzitako Okinawako oharrak saiakera argitaratzeagatik. Bertan idatzi zuen japoniar militarrek Okinawako zibilak bere buruaz beste egitera behartu zituztela, aliatuek 1945ean uhartea inbaditu zutenean. 2008ko martxoan, Osakako Barrutiko Auzitegiak Oeren aurkako kargu guztiak baztertu zituen. Ebazpen horretan, epaileak zera adierazi zuen: «Militarrek buru-belarri hartu zuten parte suizidio masiboetan». Epaiketaren ondorengo prentsaurrekoan, Oek esan zuen: «Epaileak zehazki irakurri du nik idatzitakoa».

2011n lurrikara batek eta tsunami batek Fukushimako zentral nuklearraren tragedia eragin ostean, Oek zentral nuklearrak ixteko kanpaina bat abiatu zuen: «Akatsa errepikatu eta zentral nuklearrak eraikitzen segitzeak giza bizitzarekiko errespetu falta erakusten du, eta Hiroshimako biktimekiko traiziorik ankerrena da», idatzi zuen Oek The New Yorker aldizkarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.