Alardeak

EH Bilduk eskatu du alardearen auzian «neurri eraginkorrak» hartzeko

Salatu dute Hondarribiko eta Irungo alardeen aferak «oinarrizko eskubideen kontra» egiten duela. Ion Gambrak dioenez, bi herrietan «pauso asko» falta dira, baina «aldaketa asko» egon dira.

Irungo alarde parekidea. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 22a
14:30
Entzun

«Berdintasun Legea urratzen ari dira Hondarribiko eta Irungo Udalak, eta ez zaie zigorrik jarri». Horrela mintzatu da alardeen auziaz Amaia Azkue EH Bilduko kidea. Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur goizean egon den eztabaida monografikoan jardun da gaiaz. Azkueren erranetan, alardeen afera «ez da bizikidetza arazo bat: oinarrizko eskubideen kontra egiten duen egoera bat da». Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte egindakoa zer den galdegin du, eta «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu du: «Herriarena dena herriari itzuli behar zaio».

Gainerako alderdien txanda iritsi denean, guztiek nabarmendu dute gaia berriz ere mahaira ekarri izana, arrazoi bat ala bertzea zutela argudio. Elkarrekin Gipuzkoako Marivi Eizagirrek, erraterako, adierazi du agintarien egitekoa dela «konponbide bat lortzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzea». Eta Hondarribiko eta Irungo alkateak direla jarrera aldatu behar dutenak: «Oso larria da bi alkateek bizkarra ematea. Ez da argudio bakar batekin ere sostengatzen emakumeek pairatzen duten bazterketa». Izan ere, haren hitzetan, andreak onartzen ez dituzten desfileetan, «ikusiak eta aitortuak ez izatea» da emakumeen rola: «ikusle pasiboak» izatea. PSE-EEren eta EAJren ardurapean daude, hurrenez hurren, Irun eta Hondarribiko alkatetzak, eta aurrez ere maiz kritikatu izan dituzte gainerako talde politikoek bi udaletako alkateen jarrerak.

Ikusi gehiago:Analisia. Arantxa Iraola: «Behartuta» alarde mistora

Juan Carlos Cano PPko kideak argudiatu du «zenbait legealditan alarde mistoaren aldeko egitasmoak bultzatu» direla; «modu eta forma guztietakoak», gainera. Jarraian, «errespetua» eskatu du: «Alardea bizitzeko eta sentitzeko moduei». Arritxu Marañon PSE-EEko kideak, berriz, argi utzi du instituzioek pertsonen oinarrizko eskubideak «ziurtatu» behar dituztela, baina oraindik «bide luzea» geratzen dela. Eta erran du prozesu horretan instituzioek «alardea bizitzeko modu desberdinei errespetua eta laguntza erakutsi behar» dietela.

Gaia lantzeko batzordera hauteskundeen atarian deitu izana kritikatu du Elixabete Murua EAJko kideak: «Politikan ez du denak balio». Adierazi du orain arte arazoari konponbidea ematea izan dela taldearen helburua, baina, «egoera korapilatsua» denez, konponbidea ez dela «egun batetik bestera» iritsiko. «Ezin da ukatu prozesua emaitzak ematen ari dela; pausoak ematen ari gara».

Perspektiba

Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak argi erran du «perspektiban» begiratuta «aldaketa asko» egon direla Hondarribian eta Irunen. «Hala ere, oraindik pauso asko falta dira emateko, egun hauek normaltasunez ospatzeko». Erran duenez, Irunen bi alarde daudenetik ez dago bizikidetza arazorik. Hondarribian, ordea, gatazkak egon dira, eta ahalegin eta saiakerak egon dira haiei konponbidea emateko. Horiei esker «egoera eta jarrerak, alde guztietan, asko aldatu» direla dio.

Auziaren inguruan erakutsitako jarrera dela medio, Azkuek azpimarratu du ez direla 26 urte pasatu beharrik eskubidea den zerbait betetzeko. Eta gogoratu du emakumeen eskubideen eztabaida dela landu beharreko gaia. «Irun eta Hondarribia prest daude aldaketarako, eta haiei ere eskua luzatzea dagokigu guri. Elkarlana eta elkarrizketa beharrezkoak dira, baina ez gauden lekuan iraungitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.