EAJ

Urkullu: «200 zerrendatan izen bat agertzea akatsa izan daiteke, baina 44 agertzea erabaki bat da»

EAJk ekitaldi politikoa egin du Arrasaten (Gipuzkoa), eta EH Bilduri kritika egiteko baliatu du: «Nazio eta gizarte eraikuntzan noiz izan da ezker abertzalea gure bidelagun?», galdetu du Egibarrek.

Ubarretxena, Egibar, Mendoza eta Urkullu, gaur, Arrasaten (Gipuzkoa). MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 14a
18:19
Entzun

Gipuzkoan bederen, EAJk argi du zein den bere aurkari politikoa maiatzaren 28ko hauteskundeetan: EH Bildu. Hala erakutsi du gaur Arrasaten (Gipuzkoa) egin duen ekitaldi politikoan; jeltzaleen ordezkariek gogor jo dute koalizio abertzalearen aurka, eta hari buruz jardun dute agerraldiaren zati handi batean.

Hauek hartu dute hitza: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun nagusi izateko hautagaiak eta Maria Ubarretxena Arrasateko alkate eta alkategaiak.

Urkulluk, lehenik eta behin, autogobernuaz eta hark udal hauteskundeetan ere duen garrantziaz jardun du: «Gure autogobernuak ez du ziurtatua bere etorkizuna. (...) Egunero defendatu behar dugu, gure ongizatea bermatzeko tresnarik onena baita. (...) Autogobernuak esan nahi du Arrasateko arazoei Arrasatetik erantzuteko gaitasuna izatea», adierazi du.

Bere hitzaldiaren bigarren zatian mintzatu zaio EH Bilduri. «Ez da nahikoa zuriz janztea: biktimekiko eta bizikidetzarekiko konpromisoak sakona eta zintzoa izan behar du», esan du, hainbat etakide ohi koalizioaren zerrendetan doazela-eta azken egunetan sortutako xextraren harira: «200 zerrendatan izen bat agertzea akatsa izan daiteke, baina 44 agertzea erabaki bat da».

«Ezker abertzaleaz» hizketan jarraitu du Egibarrek ere, eta haren estrategia EAJrenarekin alderatu. «Gure herri honetan, hamarkada luzeetan talka egin dute estrategia horiek: batzuek eraiki nahian, eta besteek bota nahian». «Aurrera doanari zangotraba egitea» egotzi die GBBko presidenteak.

Antzera jarraitu du: «Azkeneko lau hamarkadetan nazio eta gizarte eraikuntzan noiz izan da ezker abertzalea gure bidelagun? Noiz eta zertan parte hartu du gizarte eraikuntzaren eta naziogintzaren oinarrizko akordioetan? Non egon dira urte luze hauetan, eta, batik bat, zertan aritu dira?», galdetu du Egibarrek. Dena den, «ongi etorriak» direla gehitu du, «berandu badatoz ere».

Mendozak Espainian jarri du begirada. Gogorarazi du han ere udal hauteskundeak direla, eta salatu du hainbat alderdi diru publikoa erabiltzen ari direla «helburu alderdikoi eta elektoralistak hauspotzeko». «Zirku horretan» pare hartzea egotzi dio EH Bilduri: «Figurante lanak egiten ari dira, baita gure herriarentzat etxekalte diren gaietan ere», azpimarratu du.

Maiatzaren 28ko hauteskundeetan parte hartzera dei egin du, botoa ez emateak demokrazia ahultzen duelakoan: «Eta begiratu munduan demokrazia ez dagoen herrialdeetan zer dagoen», amaitu du.

Ubarrenetxenak, berriz, Arrasate «herri jasangarri, euskaldun, eta anitza» egiten jarraitu nahi dutela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.