LAB: «Eraldaketa sakonak bultzatzen jarraituko dugu»
Hauteskunde kanpaina zaila eta gogorra izan dela onartu dute LABeko kideek, baina pozik agertu dira azken emaitzarekin. Iruñeko egoitzan egindako agerraldian, Isabel Artieda LABeko Administrazio Publikoko arduradunaren hitzetan, «oso pozik» daude, «energia berrituarekin eta ilusioarekin».
«Bereziki garrantzitsutzat» jo dute administrazio nukleoan izandako emaitzak eta suhiltzaileen artean lortutako gehiengo handia. Osasunbidean bigarren indar badira ere, «emaitza garrantzitsua» izan dela deritzote. Lau urteok bereziak izan dira alor horietan, bertako langile publikoek lehen lerroan aurre egin dietelako pandemiari eta larrialdi zein baso sute larriei. Hartara, Artiedak nabarmendu du LABek zerbitzu publikoen hobekuntza bilatu dutela uneoro. Salatu duenez, gobernuak zerbitzua eta lan baldintzak ahultzen jarraitzen du¡.
Hain zuzen ere horregatik kezkatuta azaldu dira ere sindikatu korporatiboen igoeraren aurrean. Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak azpimarratu du sindikatu horiek kolektibo jakinen interesak bultzatzen dituztela eta ez langile pubiko guztienak ezta oro har zerbitzu publikoen hobekuntza zein gizartearen beharrei erantzutea. Dena den, Karreraren ustez, LABek garaipenarekin agerian geratu da «klase sindikalismoak antisindikalismoa korporatiboari» gailendu zaiola.
Datorren Nafarroako Gobernuari helarazi diote langile publikoak «aktibatuta» daudela, eta bizkortzen ari den «politika pribatizatzaile eta suntsizaileei» aurre egiteko prest direla. Halaber, LABek eskatu dio hurrengo gobenruari lehentasunezkoa izatea politika publikoetan aldaketa sakonak bultzatzea.
Hauteskunde kanpaina politikoari ere egin dio erreferentzia Karrerak. «Gu ez gara konformatzen diskurtsora mugatuko den kritika hutsarekin, eta lan baldintzak hobetzearekin ere». Aldaketa sakonak eragin nahi dituztela eta horretarako langileei eskatu diete hautetsontzietan ere langileen boterea baliarazteko.
ELAk babesa eskertu du
Atzo gauean, Osasunbideako emaitzak jakin aurretik oharra atera zuen ELAk: Babestu dituzten langileei eskerrak eman zizkieten. «Lan baldintzak hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, herritar guztien alde kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko».
Osasunbidetik at, 26 ordezkari lortu ditu ELAk. Nabarmendu du Nafar Lansare boto gehien eskuratu dituztela, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan zein Ogasunean ordezkaritza bikoiztu dutela eta Kirolaren Institutuan lehendabiziko ordezkaritza lortu dutela.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.