Albistea entzun

Zientzia

Planeta bati eta haren izarrari 'Su' eta 'Gar' izenak jartzea onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak

EHUk egindako proposamena onartu du. Lehenbiziko aldia da planeta batek eta bere izarrak euskarazko izenak dituztela.

Gliese 486b planeta nolakoa izan daitekeen erakusten duen irudi artistiko bat
Gliese 486b planeta nolakoa izan daitekeen erakusten duen irudi artistiko bat RenderArea / José Caballero / Max-Planck-Instituts für Astronomie Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2023ko maiatzak 25

Zerura begiratu, eta Su eta Gar han nonbaiten daudela esan daiteke. Gliese 486 eta Gliese 486b izenak zituzten Lurretik 26 argi urtera dauden izarrak eta haien exoplaneta batek. Orain arte: Nazioarteko Astronomia Batasunak planetari Su eta izarrari Gar izenak jartzea onartu du. Erakunde haren ardura da erabakitzea zein izen jarri galaxia, izar, planeta eta ilargiei; ebatzi bitartean, behin-behineko izen tekniko batekin egiten dute lan zientzialariek. Izendatze prozesua errazte aldera, astronomo komunitateari dei egiten dio tarteka batasunak.

Iaz, hogei exoplanetarentzako eta haien izarrentzako izenak proposatzeko eskatu zuten. James Webb espazio teleskopioaren bitartez aurkitu zituzten horiek guztiak. NBE Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032ko tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, azaldu zuten proposaturiko izenak hizkuntza indigenetan egotea hartuko zutela bereziki kontuan. Su eta Gar izenak proposatu dituztenen artean daude iaz planeta topatu zuen taldeko Jose Antonio Caballero astronomoa; EHUko Itziar Garate-Lopez, Naiara Barrado Izagirre, Santiago Perez Hoyos eta Agustin Sanchez Lavega irakasleak; eta Pedro Migel Etxenique Landiribar fisikaria. Horrez gain, batasunak eskatu bezala, gizarteko bestelako hainbat ordezkarik bultzatu zuten ekinaldia. Tartean izan dira Kike Amonarriz Gorria, Garazi Andonegi Beristain, Ana Galarraga Aiestaran, Juanma Gallego Moya, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Ilaski Serrano Urkidi.

Beroarekin loturiko izenak aukeratu zituen astronomo taldeak, tenperatura beroak baitituzte Su planetan eta Gar izarrean. Izan ere, ezingo litzateke Su planetan bizi, nahiz eta Lurraren modukoa den, han beruna urtzeko moduko beroa egiten baitu. Lurraren masa baino 2,8 aldiz handiagoa da planeta horrena, baina haren diametroa %30 handiagoa da. Beraz, Lurra baino dentsoagoa da (%30 gehiago), eta litekeena da harrizkoa izatea, eta burdinazko nukleo bat edukitzea. Gar izarra, berriz, nano gorri bat da, Eguzkia baino txikiagoa eta hotzagoa.

«Euskal mitologian, gainera, etxeko sua etxeko jenioa da, eta mesedeak eskatzen zaizkio. Bereziki sakratuak ditugu Gabonetako eta San Juan eguneko suak», idatzi zuten proposamenean. «Gar izan da, bestalde, izarrarentzat aukeratutako izena, gori-gori dagoen gasezko bola bat baita».

Dena den, Su eta Gar ez dira espazioko lehenengo euskarazko toponimoak; bai, ordea, planeta eta izar bati jarri dizkiotenak. 2002ko irailetik, Galdakao kraterra dago Marten, Xabier Orue-Etxebarria EHUko geologia eta paleontologia irakaslearen eraginez. 35 bat kilometroko diametroko kraterra da, meteorito batek edo beste objektu baten talkak sorturikoa; planeta gorriaren hego hemisferioan dago, Gusev kraterraren ondoan. Badira euskarak zientziari emandako beste hainbat izen ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©UNIVERSITAT ROVIRA I VIRGIL

«Esparru publikoa ez da existitzen: atzean beti dago arduradunen bat»

Amaia Igartua Aristondo

Ekoizpen ereduaren aldaketak eta turismoak, besteak beste, 'zonbi espazioak' sortzen dituzte, Mazaren arabera: amaitu gabeko proiektuz beteriko lekuak dira. Haien inguruan hitz egingo du bihar Bilbon.
GuHaun taldeka egiten diren saio bateko irudi bat. ©GORKA RUBIO / FOKU

Txakurrak ere hezi behar dira

Amaia Jimenez Larrea

Beste txakur batzuekin, pertsonekin edo bestelakoekin arazoak izan ditzakete txakurrek. Horiek alde batera uzteko, lanketa sakonak egin behar izaten dituzte txakur hezitzaileek. Haien ustez, komunikazioa izatea eta harreman on bat sortzea dira animalia horiekin elkarbizitza egokia izateko kontuan hartu beharrekoak.
Mixtura jatetxean lan egiten duten sukaldarietako bat. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Bi kulturaren arteko oreka

Itsaso Jauregi

Mixtura jatetxean nikkei gastronomia lantzen da: errezeta perutarren eta japoniarren arteko nahasketa. Bi herrialde horien arteko harremana sakondu nahi dute, tokiko produktuak erabiliz.
 ©HBO MAX

Neurrigabeko kaosaren erreinua

Mikel Yarza Artola

HBOren 'The Idol' telesailak hautsak harrotu ditu, pop musikaren mundua modu ilun, sexual eta ustelean irudikatzeagatik. 'Euphoria' telesaileko sortzailearen nobedadea da, astelehenetik aurrera ikusgai Euskal Herrian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.