Albistea entzun

Hauteskundeen biharamuna

Hauteskundeen biharamuna irauli du Sanchezek, bozak aurreratuta

Udal eta foru hauteskundeetako EH Bilduren gorakada izan da hizpide nagusia lehen orduan bozen biharamunean. Zenbait erakundetan akordioek erabakiko dute, ordea, nork duen agintea. Ekainaren 17an osatuko dira udalak.

Pedro Sanchez, atzo, botoa ematen. /
Pedro Sanchez, atzo, botoa ematen. / J. J. Guillen/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2023ko maiatzak 29 09:54

* EAJk «egonkortasuna» lortu nahi du itunak egiteko orduan

* EAJk behera egin du nabarmen, eta EH Bilduk hazkunde handia izan du

* Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

* Akordio posibleak hiriburuetan, herrialdeka eta puntu beroak

* Lehia estua Eusko Legebiltzarrean, emaitzak estrapolatuz gero

* Emakumezkoak: Etxanobe, Iriarte, Ibarrola, Vitero...

Zuzeneko kontakizuna

20:23

EAJk «harremanetan» hasi nahi du PSE-EErekin akordioei eusteko

Euzkadi Buru Batzarra gaur bildu da M28ko emaitzak aztertzeko, eta erabaki du PSE-EErekin «harremanetan» hastea diputazioetako eta udaletako akordioei eusteko. EAJk «egonkortasuna» lortu nahi du itunak egiterakoan, «era ahalik eta sendoenean».

Espainiako Gorte Orokorretarako hauteskundeak aurreratu dituztelarik, EBBk onartu du Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak erabakitzeko prozesuari ekitea. «EBBren borondatearekin zerikusirik ez duten aginduak direla eta, ohikoak baino epe laburragoak aurreikusten ditu». Horiek horrela, ekainaren 10erako zerrendak osatuta izatea aurreikusi dute. Ezohiko asanblea egingo dute egun horretan, hautagaitzak erabakitzeko ez ezik, «egoera politikoaren diagnostiko lasaia, sakona eta ausarta» egiteko.

Julen Otaegi Leonet

Julen Otaegi Leonet

20:10

Espainiako Gorte Orokorren osaketa, abuztuaren 17an

Espainiako Gorte Orokorrak deseginda, uztailaren 23an egingo dira horietarako hauteskundeak. Abuztuaren 17an osatuko dira Espainiako Kongrestua eta Senatua, goizeko 10:00etan; hala erabaki dute Ministroen Kontseiluak gaur onartu duten dekretuan.

Julen Otaegi Leonet

Julen Otaegi Leonet

19:54

PSNk «gobernu progresista bat ahalik eta lasterren» gidatu nahi du

Ramon Alzorriz PSNko parlamentari eta Erakunde idazkariak adierazi du «gobernu progresista bat ahalik eta lasterren» gidatu nahi duela alderdiak, «eskuina eta ultraeskuina oposizioan utziz». Joan den legealdiko akordioa luzatzearen alde egin du (Geroa Bairekin eta Ahal Dugurekin; azken hau Ezkerrarekin batera Zurekin Nafarroa koalizoan aurkeztu da).

Horiek horrela, hiru alderdiek 21 eserleku izango lituzkete; eskuineko alderdiek (UPN+PP+Vox), hogei. «Lehen mezua UPNri eta Javier Esparzari», esan du Alzorrizek: «Ez badute nahi [EH] Bilduk hurrengo gobernu progresistan eragina izatea, abstenitu daitezela, eta [EH] Bilduk gutxi asko izango du esateko».

Nafarroako presidentea aukeratzeko negoziazioak Espainiako Gorteetako bozen kanpaina betean izango dira.

Julen Otaegi Leonet

Julen Otaegi Leonet

19:38

Gorteetarako bozen hainbat epe eta gako

Espainiako Ministroen Kontseiluak gorteak desegitea adostu du arratsaldean. Erabakia bihar argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta hasiera emango zaio 54 eguneko atzera kontaketari. Hala, uztailaren 23an izango dira gorteetarako bozak. Uda batean egiten diren lehenak.

Atzera kontaketan, badira kontuan hartu beharreko hainbat egun eta epe:

Posta bidezko bozka bihartik uztailaren 13ra arte eskatu ahalko da. Hori bidaltzeko azken eguna uztailaren 19a izango da.

Egun hori, uztailaren 19a, izango da azkena alderdiek hautagai zerrendak aurkezteko. Koalizioen kasuan, hamar egun lehenago aurkeztu beharko dituzte, hilaren 9rako.

Hauteskunde kanpaina uztailaren 7an hasiko da, sanferminetako txupinazoaren egunean, hain zuzen. Hamabost egun iraungo du kanpainak.

Julen Otaegi Leonet

Julen Otaegi Leonet

19:16

Galdakaon lau urteotako akordioa errepikatu asmo du Iñigo Hernandok

Iñigo Hernando Galdakaoko (Bizkaia) jarduneko alkateak, EH Bildukoak, elkarrizketei ekingo die Usansolo Herria eta Auzokoak alderdi independenteekin. Bederatzi eserleku irabazi ditu koalizioak Galdakaoko Udalean, eta bina independenteek. Duela lau urteko akordioari eutsi nahi dio Hernandok, eta «balorazio oso positiboa» egin du aurreko legealdiaz; herritarrek «asko baloratzen dute desberdinen artean ados jartzea».

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzokoaken eserlekuekin gehiengo osoari eutsiko lioke jarduneko alkateak, 21etik 14 izanda (aurreko legealdian 12 eserleku lortu zituzten hiru alderdiek). EAJk sei eserleku lortu ditu Galdakaon, eta, PSE-EEk, bi. Hala, zituzten zinegotzi kopuru berdinarekin geratu dira.

Galdakao izan da udal eta foru hauteskunde hauetan puntu beroetako bat: Usansoloren desanexioak eta Aranzadiren oroimen webguneek erdigunean jarri dute Bizkaiko herria.

Julen Otaegi Leonet

Julen Otaegi Leonet

19:04

Esparzak Sanchezi eskatu dio argitzeko PSNk zer egingo duen

«Uztailaren 23aren aurretik [Pedro Sanchezek] argitu dezala Nafarroan EH Bildurekin gobernatuko duten berriz ere». Hori eskatu du Javier Esparza UPNko lehendakarigaiak gaur arratsaldean egin duen agerraldian; haren iritziz, «espainiar guztiek» jakin behar dute Nafarroan zer gertatuko den: «Ez Nafarroak ez bere udalek ez dituzte merezi duintasunik gabeko akordioen bidez EH Bildurekin osatutako gobernuak».

Esparzaren iritziz, PSOEren emaitza txarren ondorioz aurreratu ditu hauteskundeak Sanchezek, eta gehitu du EH Bildurekin itunak egin izanak eragin handia izan duela horretan: «Espainiar askok ez diete barkatu zerrendetan terroristak dituen alderdi batekin akordioak egitea».

Momentuz, Esparzak ez du hitz egin Txibiterekin, baina egingo duela esan du. PSNrekin akordioak lortzeko asmoa erakutsi du: «Guretzat oso garrantzitsua da EH Bilduk erabakirik ez hartzea Nafarroan; ez dute gobernagarritasunaren giltzak izatea merezi».

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei dagokienez, ez du argitu PPrekin koalizioan aurkeztuko diren edo ez.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:11

Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur arratsaldeko bileran onartu du gorteak desegin eta hauteskundeak deitzeko dekretua. Goizean eman du albistea Pedro Sanchez presidenteak, aurretik Felipe VI Espainiako Erregearekin bildu ostean. Bihar, beraz, ez da egingo astearteroko Ministroen Kontseilua.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:53

Alkate izateko akordio zabal bat nahi du Viterok

Gasteizen, Rocio Vitero EH Bilduko alkategaiak —harena izan zen zerrendarik bozkatuena— jakinarazi du jada jarri dela harremanetan PSE-EErekin, EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin, bera alkate izateko ahalik eta akordio zabalena osatzeko asmoz.

Azaldu duenez, helburutzat du «aldaketaren buru» izatea. Lehen hartuemana «ona» izan dela azaldu du EH Bildukoak, eta orain agendak egokitzen ari dira elkarrekin biltzeko. PPri ez dio deitu Viterok.

Litekeena da Gasteizen ere EAJ-PSE akordioa berritzea, eta kasu horretan PSE-EEko Maider Etxebarria izango litzateke alkatea. Horren inguruan galdetuta, Viterok gogoratu du EH Bildurena izan dela zerrendarik bozkatueta, eta, ondorioz, eurek ordezkatzen dutela «balioetan oinarrituta» eraiki nahi duten «Gasteiz aurrerakoia».

Ikusi gehiago: Gasteiz: nork eskuratuko du aginte makila?

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:15

Ordizian (Gipuzkoa), berrikusi egin beharko dituzte atzoko hauteskundeetako emaitzak. PSE-EEk baieztatu duenez, zinegotzi bakarra dagokio, eta ez bi atzo argitaratutako emaitzek iragarri bezala. Kontaketan arazoren bat izan dute eta datozen egunetan argitaratuko dituzte datu ofizialak.

Orain arte emandako datuen arabera, 7 zinegotzi lortu zituen EH Bilduk, 6 EAJk, 2 PSE-EEk eta beste bi Ordizia Orainek.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:52

Lurrikararen erreplikak

Espainiako Gorteetarako bozen deialdiak udalen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien eta Nafarroako Gobernuaren osaketari buruz negoziazioetan izan dezakeen eragina aztertu du Jon O. Urain kazetariak. Irakurri hemen.

15:22

EAJ, deialdiarekin harrituta

EAJren aldetik, Aitor Estebanek hitz egin du Espainiako Gorteetarako hauteskundeez. Esan du «harrigarria» dela deialdia, eta ez dagoela «oso arrazoituta», une politiko konplikatua delako, akordioak eta elkarrizketak izatekoa: «Ez du ematen [Sanchezek] bere inguruko jendearekin hartutako erabakia izan denik». Horregatik, uste du modu bakarrean interpretatu daitekeela erabakia: alderdi barneko kalkulu bat bezala.

Dena den, argi utzi du EAJk «oso serio» hartuko dituela boz horiek: «Oso garrantzitsua da Madrilen euskal gizartearen interesak irmo defendatzea».

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

15:09

Feijook, egin duen agerraldian, Espainiako hurrengo presidentea izateko konfiantza eskatu du: «Nahikoak izan dira PSOEren gobernuaren bost urte hauek, Podemosekin, Bildurekin eta independentistekin. Nazioari egindako kaltea begibistakoa da, eta agortuta dagoen modelo baten parte dira, nire iritziz, betirako amaitu behar duen modelo batenak». Goizean Santiago Abascal Voxeko presidentearekin hitz egin duela esan du, eta elkar zoriondu dutela.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:35

Hondarribian, aldaketa

Aldaketa heldu da Hondarribian (Gipuzkoa): zazpi zinegotzi lortu ditu Abotsanitz herri plataformak, aurrez zituen biei eutsi die EH Bilduk, eta gobernu aldaketa ahalbidetuko du orain horrek. Aldaketak, halaber, ikuskera berria eramango du udal gobernura, lehen aldiz, alardearen auziaren inguruan. Arantxa Iraola kazetariak aztertu du gaia.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:28

Feijoo, pozik baina zuhur

Agerraldia egiten ari da Alberto Nuñez Feijoo, PPko presidentea. Eskerrak eman dizkie atzo «norabide aldaketa bat nahi dutela erakutsi zuten espainiarrei», eta pozik agertu da «horri esker» gorteetarako hauteskundeak deitu dituelako Pedro Sanchezek: «Nahikoa dela esan dute herritarrek, honaino heldu garela». Dena den, zuhurtziaz jardun du, eta azpimarratu du oraindik ez dela amaitu Sanchezen aroa.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:08

Udal hauteskundeen mapa

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

14:06

Nafarroa osorako akordio bat egitera gonbidatu ditu Uxue Barkosek PSN, EH Bildu eta Zurekin Nafarroa, udal gobernuak osatzeko negoziazioei «lehenbailehen» heltzeko.

14:04

Pedro Sanchezek iragarritako hauteskunde aurrerapenaren karira, Uxue Barkosek dei egin dio PSNri, berrets ditzan «indar aurrerakoiekin dituen konpromisoak eta akordioak». Ion Orzaiz BERRIAko kazetaria ari da Barkosen agerraldia jarraitzen.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

13:52

Hauteskunde egutegia

Espainiako hauteskundeek bete-betean harrapatuko dute aurten Nafarroan presidentea izendatzeko negoziazio prozesua. Txibite eta Barkos uztailean sanferminen ondoren izendatu zituzten. Barcina, uztailaren 1ean, eta Sanz, abuztuaren 11n. Kanpaina hasierak eta Iruñeko sanferminen hasierak bat egingo dute. Hona hauteskunde egutegiari buruzkoa.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

13:37

Geroa Bai, gobernu aurrerakoien alde

Agerraldia egin du Geroa Baik ruñean. Uxue Barkosek berretsi du «gobernu plural eta aurrerakoien aldeko apustuari» eutsiko diola. Han da Ion Orzaiz BERRIAko kazetaria.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:33

Sanchezen iragarpena, albiste nagusi

Barealdia une egokia izan daiteke azken orduek emandakoa errepasatzeko.

- EH Bilduren gorakada izan da hizpide nagusia goizeko lehen orduetan, baina Pedro Sanchezek Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu izanak irauli du hauteskundeen biharamuna.
- Haiei dagokienez, Sanchezek bere gain hartu ditu sozialistek lortutako emaitza txarrak, eta Podemoseko Ione Belarrak iragarri du Sumarrekin batera aurkezteko lanean dabiltzala. Hamar egun dituzte horretarako.
- Euskal Herrira itzulita: EAJk «egonkortasuna» lortu nahi du itunak egiterakoan, eta EH Bildu «aldaketa lasai eta sakona bideratzeko» prest azaldu da.
- Atzoko emaitzak ikusi ez badituzue oraindik, eman begiratu bat BERRIAren grafikoei.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:03

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei dagokienez, zalantza handienetako bat da zer gertatuko den Podemosekin eta Sumarrekin. Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiak ez du baztertu Diazen alderdiarekin koalizioan aurkezteko aukera —hamar eguneko tartea dute alderdiek bozetarako koalizioa erregistratzeko—.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:59

Telebisten ikusle datuak bildu ditu Urtzi Urkizu lankideak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETB2ko hauteskundeetako saio bereziak %21eko ikusle kuota bereganatu zuen. ETB1eko saioak, berriz, %2,4ko ikusle kuota lortu zuen.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:46

EH Bildu «aldaketa lasai eta sakona bideratzeko» prest azaldu da

Agerraldia egin berri du EH Bilduk. Arnaldo Otegik egin du atzoko bozen balorazioa; emaitzekin pozik agertu da, baina arazoek «iraun» egiten dutela azaldu du, eta horri erantzun ahal izateko «aldaketa» behar dela esan. Iragarri du kontaktuak hasi dituztela alderdi guztiekin, eta «Espainiako eskuina» baino ez dute baztertu dinamika horretatik.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:43

Gasteizen nork eskuratuko du aginte makila?

Galdera horri erantzuten saiatu da Jone Arruabarrena kazetaria. PSE-EEko hautagai Maider Etxebarria eta EH Bilduko Rocio Viteroren artean dago lehia. PSE-EEko hautagaiak alkatetza lortzeko EAJrekin ez ezik, PPrekin ere egin beharko luke akordioa; haiek prest agertu dira euren bozkak emateko EH Bilduk gobernatu ez dezan.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:37

Espainiako Gorteetarako bozei buruz: atzoko hauteskundeak gorteetarako izan balira, PPk garaipen argia lortuko zukeen, baina ez zen gehiengo osora helduko, ezta Voxekin akordioa eginda ere.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:00

Politikarien adierazpenak iritsi bitartean, Sanchezen deialdiaren zein irakurketa egiten duzue zuek?

Twitterren, Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak eman du abisua: «Bada, erabaki honek guztiz baldintzatuko du Hego Euskal Herriko erakunde nagusien osaketa». Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakastak, berriz, nabarmendu du Sanferminetan hasiko dela kanpaina.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

11:53

Sanchezen iragarpenak berehala eragin ditu erreakzioak. Sumar alderdiko buru Yolanda Diazek berretsi du «irabaztera» irtengo direla eta aurre egingo diotela «[PPko idazkari nagusi Alberto Nuñez] Feijooren Espainia beltzari».

Atzoko kolpea handia izan zela aitortu du Espainiako presidenteak: «Atzoko bozak udaletarako eta erkidegoetarako ziren arren, emaitzek urrunago doan mezu bat utzi dute agerian. Horregatik gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi gisara, nire gain hartzen dut hartzen ditut emaitzok».

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

11:32

Espainiako parlamenturako bozak, uztailaren 23an

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeak aurreratu ditu, PSOEk eduki dituen emaitza txarrengatik. Uztailaren 23an egingo dituzte. Agerraldi berezia egin du, erabakia azaltzeko. Arratsaldean ministro kontseilua bilduko du, parlamentua desegiteko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:24

Otegiren agerraldia, 12:00etan

Atzoko bozen emaitzak baloratzeko, eta zein itun politika hartuko duen iragartzeko agerraldia egingo du eguerdian EH Bilduko koordinatzaile nagusiak

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:59

EH Bildu eta Sinn Feinen gakoa: etorkizuna

EH Bilduren gorakadak eta Sinn Feinek Irlandak lorturiko arrakasta lotuta daudela uste du Martxelo Otamendik, atzo eginiko bozen emaitzak aztertzeko orduan: 'EAJ behera, EH Bildu gora'

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:50

Hegemoniarako lehia zabaldu da

Maider Galardi F. Agirrek atzoko bozen emaitzak aztertu ditu. Ondorioztatu duenez, homologatu egin da EH Bildu gobernabidearen hegemoniarako lehian.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren


Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Angel Berrueta oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / Foku

Angel Berrueta biktima gisa aitortzeko tramitazioa hasi dute

Iosu Alberdi

Nafarroako eskuin muturraren eta estatuaren biktimak aitortzeko batzordeak 35 eskaera jaso ditu. Batzordea aurreko astean elkartu zen Berrueta-Mañas familiarekin.

Asier Ezeiza, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ©ZIPI / EFE

Asier Ezeizari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote

Berria

ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen eginiko bi atentaturengatik zigortu dute.

Frederique Espagnac eta Max Brisson —ezkerrean— artxiboko argazki batean. ©BOB EDME

Espagnac, Brisson eta Saint Pe izanen dira Frantziako Senatuan ordezkari

Ekhi Erremundegi Beloki

Igandean iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Aurkeztu diren bederatzi zerrenden artean, orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin dute hautetsiek
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin batean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistak, estreinakoz Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide bat izango da Frantziako goi ganberako senatarien artean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.