Auzitegiak

Sare Herritarra: «Atzera garamatzan sententzia bat da Galderri eta Aitorri ezarritakoa»

Plataformak Zelaiaren eta Barbadoren aurkako espetxe zigorra salatu du, eta justizia «mendeku tresna gisa» erabiltzea kritikatu.

Barbadoren eta Zelaiaren kasua salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 31
11:42
Entzun

Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren aurkako espetxe zigorra berretsi izana salatu du Sare Herritarrak: «Atzera garamatzan sententzia bat da Galderri eta Aitorri ezarritakoa, salbuespen politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea». Horiek horrela, ebazpenaren aurkako mobilizazioetan parte hartzera deitu du plataformak. Besteak beste, Ankerkeria Stop dinamikak herenegun jakinarazi zuen igandean «agerraldi masibo» bat egingo dutela Amurrioko (Araba) Zabaleko ikastetxean.

Hamabi urte igaro dira ETAk jarduera armatua amaitu zuenetik, eta bost erakundea desegin zenetik. Sareren esanetan, baina, «etengabeko gatazka» bati eutsi nahi diote zenbait erakundek, «lekuz kanpo dauden zigorrak» ezarrita «terrorismoaren aitzakian»: «Mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika salatzen dugu, duela hamabi urte ireki zen itxaropen aroa kontuan hartzen ez duena». Izan ere, plataformak adierazi du bi gazteek «indarkeriarik gabeko estrategiaren» alde egin zutela epaiketan, eta gehitu du prozesuan ez zela erakutsi haien aurkako «froga irmorik».

Sarek adierazi du «bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen» alde ekiteko borondatea dutela, hori delako euskal gizartearen gehiengoaren helburua. Beraz, plataformaren hitzetan, kartzelak betetzen jarraitzearen aldeko erabakiek ez dute lekurik garaiotan, «espetxeen problematikari» konponbide bat bilatzeko eta «sufrimendu guztiak amaitzeko» bidea martxan den honetan.

Barbado eta Zelaia 2021eko urtarrilean epaitu zituzten. Orduan, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu zuen bakoitzarentzat; defentsak, absoluzioa. Angela Murillo epaileak, baina, lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezartzea ebatzi zuen, gazteei egotzita «helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea». Fiskaltzak zein defentsak helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, baina auzitegi hark Murilloren ebazpena berretsi zuen aurreko astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.