Adimen artifiziala

Aukerak baliatu eta arriskuak bridatu

Adimen artifizialari eta komunikazioari buruzko jardunaldiak egin dituzte Bilbon; aukerak eta kezkak azaleratu dituzte.

Adimen artifiziala eta komunikazioari buruzko jardunaldiak, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 1a
17:27
Entzun

Bilboko Elizbarrutiak, Bizkaia Irratiak, Bilboko Herri Irratiak, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak sustaturik, komunikazioari eta adimen artifizialari buruzko jardunaldiak egin zituzten atzo Bilboko Euskalduna jauregian. Hizlarietako batek baino gehiagok arrapaladan doan zaldiaren metafora erabili zuen, komunikazioan adimen artifizialaren eraginak hartu duen abiada irudikatzeko. Tresna horrek ematen dituen aukerak zelan baliatu eta, aldi berean, zaldia zelan bridatu izan zen jardunaldietako gai nagusietako bat.

Jose Antonio Lozano EHUko Adimen Artifizialeko katedradunaren arabera, informatikaren arlo bat da adimen artifiziala, «metodo konputazionalak erabiliz jokabide adimentsuak aztertu eta garatzen dituena». Teorian, adimen artifizialeko sistema bat gauza izan beharko luke kanpoko errealitatea atzemateko, ikasteko, arrazoibidearen bitartez helburu bat lortzeari begirako jarduera batzuk aukeratzeko eta komunikatzeko: «Gaur egun, sistema batzuk funtzio horietako batzuk betetzeko gauza dira, baina ez dago funtzio guztiak egiten dituen sistemarik».

Arauak ongi definiturik daudenean eta bete beharreko xedeak sinpleak eta zehatzak direnean, adimen artifiziala oso erabilgarria da eta «arrakastaz» burutzen ditu egitekoak. Hori da, esaterako, erabiltzailearen gustuen arabera diskoak edo liburuak gomendatzen dituzten algoritmoen kasua, edo xakean gizakiak baino hobeto aritzeko gauza diren konputagailuena.

Baina Lozanok ez du uste egiteko konplexuagoetan makinek gizakiak ordezkatuko dituztenik, «gizakien sena» falta dutelako. Edonola ere, sistema horien arriskuez ohartarazi zuen: «Gizakietan eta gizartean zentratutako adimen artifiziala behar dugu, fidagarria, sendoa, identitatea eta pribatutasuna errespetatuko dituena».

Sherpa enpresako sortzaile Xabier Uribe-Etxebarriaren iritziz, begien bistakoa da «gizakiak baino adimentsuagoak izango diren makinak» sortuko direla, eta aukera hori gero eta gertuago egoteak ekarri du, hain zuzen ere, azken hilabeteetan adimen artifiziala hedabideetako hizpide nagusi bilakatu izana: «Horrek aukerak eta zalantzak sortzen ditu, baina hori historian beti gertatu da aurrerapen teknologiko guztiekin».

Vatikanoko komunikazio saileko kide Leticia Soberonek ere uste du adimen artifizialak, tresna gisa, «aukerak eta arriskuak» dakartzala, baina auzi horretan gizakiak duen erantzukizuna nabarmendu zuen: «Borroka etiko guztiak gizakien bihotzetan jokatzen dira». Haren ustez, gizakien jokabidea ezin da zuritu haien okerrak teknologiari egotzita. Arriskuez jakitun den arren, «itxaropentsu» agertu zen auziak izango duen bilakaeraz.

Gizakiekin parekatzea

Daniel Innerarity filosofoak uste du arazoa aztertzeko modua aldatu behar dela. Haren iritziz, lehenengo akatsa izan izan zen adimen artifizialari adimen deitu izana, horrek gizakiaren gaitasunak eta makinenak nolabait parekatzea dakarrelako: «Okerra da gizakian eta makinak alderatzea. Makinek ez dute gizakia gaindituko, gizakiek eta makinek gauza desberdinak egiten dituztelako. Baina bide horretan tematzen bagara, orduan kezkatuta egoteko arrazoiak baditugu. Pentsatzen badugu makinek logika hutsaren bitartez hartu behar dituztela erabakiak, orduan, akabo demokrazia».

Josep Lluis Mico kazetaria Ramon Llull unibertsitateko irakaslea ere bada (Herrialde Katalanak) eta adimen artifizialaren garapenak komunikazioaren arloan ekarritako aldaketak aletu zituen. Esan zuenez, informazio hutsa edo datuak ematerakoan, adimen artifiziala tresna baliagarria izan daiteke, baina informazio horien interpretazioa, analisiak, kronikak, kritikak eta kazetaritzan jorratzen diren beste zenbait esparru adimen artifizialaren esku uztea zentzugabekeria da.

«Pentsatu behar dugu adimen artifiziala zertarako erabili eta zertarako ez», esan zuen. «Hedabide batzuetan hasi dira irizpiderik gabe erabiltzen, soilik tresna hor dagoelako. Kazetari batzuek denbora gehiago ematen dute adimen artifizialaren bitartez sortutako testuak zuzentzen, testu horiek beraiek idatzi izan balituzte baino».

Dekalogoa

Jardunaldietako beste ondorio bat izan da lantalde bat eratzeko proposamena, hedabideetan adimen artifizialaren erabilera etikoa sustatzeko. Zenbait hedabidek jada atxikimendua adierazi diote proposamen horri; BERRIA ere agiriaren sinatzaileen artean dago.

Batzorde horren helburua da dekalogo bat lantzea, kazetariei eta hedabideei adimen artifiziala erabiltzeko irizpide deontologiko batzuk proposatuko dizkiena. Dekalogoaren lehenengo zirriborroa aurkeztu zen jardunaldietan, eta han fidagarritasuna, egiletzaren gardentasuna, egiaztagarritasuna, algoritmoen identifikazioa, pribatutasuna eta beste irizpide batzuk agertzen dira. Batzordeak datozen hilabeteetan landuko ditu eduki horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.