ERREAKZIOAK. PSE-EEk helegitea sartuko du, "deliturik ez" dagoelako

2007ko urriaren 30a
19:00
Entzun
PSE-EEk helegitea sartuko du, "deliturik ez" dagoelako

PSE-EEk helegitea sartuko duela iragarri du, "herri akusazioak baino ez duelako eskatu zigorra eta, gainera, Lopezek eta Aresek deliturik ez dutelako egin". Alderdi haren ustez, bere bi zuzendaritzakideak iaz Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz DaƱobeitiarekin bildu zirenean, "bakea lortzeko eginkizun politikoa" zutelako batzartu ziren. Justiziari "errespetua" diola gaineratu du.

Batasunak gogoratu du bere kideak baino ez daudela kartzelan

Batasunak gaur EAJri eta PSE-EEri esan die gaur egun kartzelan dauden bakarrak ezker abertzalearen zuzendaritzakideak direla. "Hori da errealitate ankerra. EAEko Auzitegi Nagusia eta Justizia ez daude kezkatuta EAJrekin eta PSOErekin. Kezkatzen dituena ezker abertzaleak Euskal Herriarentzako marko demokratikoaren alde egindako planteamendu politikoen indarra da".

EAJk "zilegi diren tresna demokratikoekin erantzungo du"

IƱigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) bozeramaileak dio epaiketa "politikoa" izango dela, eta Justiziak "gero eta sinesgarritasun txikiagoa" daukala. Horren aurrean, EAJk "zilegi diren tresna demokratikoekin erantzungo du". Bakea eta arazo politikoei konponbidea emateko elkarrizketa erabili behar dela azpimarratu du Urkulluk, eta kasu honetako auzipetuek hori erabili dutela.

EA: "Batasunarekin biltzen segituko dugu"

Rafa Larreina EAren Antolakuntza idazkariak garbi esan du: "Batasunarekin bildu izan gara, biltzen ari gara eta biltzen segituko dugu, gure eginkizuna delako elkarrizketa politikoa gauzatzea". EAren ustez, auzi hau ere "politikoa" da, "Eusko Jaurlaritzak marko berri baten eta erabaki eskubidearen alde egindako apustua ahuldu egin nahi dutelako".

PP: "Legea betetzeko dago"

Eduardo Zaplana Espainiako Kongresuko PPren parlamentariak esan du "herritar denak legea betetzeko" daudela. "Bere garaian esan genuen ezin dela legea bete barik utzi inoren aldetik, eta are gutxiago herritarren ordezkari politikoen aldetik".

EB: "Boterearen erabilpenaren gehiegikeria onartezina da"

EBk kritikatu egin du Roberto Saiz epaile instruktorearen erabakia, "boterearen erabilpenaren gehiegikeria onartezina delako". Erabakiaren atzean "interes politikoak" daudela nabarmendu du Mikel Araba EBren Presidentzia bozeramaileak.

Aralar "Politika ere kriminalizatu egiten da"

Aralarren iritziz, epaiketa egiteko erabakia "aberrazio juridikoa" da, eta "elkarrizketa kriminalizatzen bada, politika ere kriminalizatu egiten da. Ez da onartzekoa epaileek hartua duten bidea". Horren guztiaren atzean Espainiako Alderdien Legea dagoela azpimarratu du. Auzipetuekiko elkartasuna adierazi du alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.