Eusko Jaurlaritza: "Herri honen kontrako epaiketa da"

2007ko urriaren 30a
13:41
Entzun
"Euskal gizartearen eta herri honen kontrako epaiketa da". Hala esan du gaur Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Juan Jose Ibarretxeri egingo dioten epaiketaz (ez ditu beste zazpi auzipetuen kasuak aipatu). "Euskadiko ordezkari gorena bere eginbide politikoa betetze hutsagatik epaituko dute. Gizarteak mandatua eman zion politika egin zezan, eta gizartea orain harri eta zur dago lehendakaria epaitu egingo dutelako. Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko gizartearen gehiengoaren borondatearen aurkako epaiketa da".

Azkaratek azpimarratu du "mundu osoan elkarrizketa" erabiltzen dela "gatazkak konpontzeko, baina hemen epaile instruktoreak eta Zibil eta Penaleko aretoak delitutzat dute elkarrizketa, eta kriminalizatu egiten dute". Ibarretxeri "funtsezko eskubideak urratu eta guztiz mugatu" egiten dizkiotela gaitzetsi du.

"Lehendakari bat lehen aldiz" epaituko dutela-eta, "benetan larria den gertakizun historikotzat" jo du hori Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Beste kasu batzuetan auzitegiek bestelako irizpidea erabili izan duela nabarmendu du Azkaratek, eta, esaterako, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidentea Auzitegi Gorenak ez zuela auzipetu gobernuak ETArekin hitz egiteagatik, nahiz eta haren kontrako kereila sartu zuen Manos Limpias elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.