Eusko Legebiltzarra

EAEko Unibertsitate Legearen irizpena atzera bota dute, EAJk eta EB-IUk SAren zuzenketen kontra bozkatu baitute

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordeak atzera bota du Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege egitasmoaren irizpena, EAJko eta EB-IUko ordezkariek ponentzian SA Sozialista Abertzaleak taldearekin adostutako zuzenketen kontra bozkatzea erabaki baitute. EAk, aldiz, ekarpen horietako batzuren alde bozkatu du, "koherentziagatik", eta beste batzuetan abstenitu egin da. Hiruko Gobernuaren baitako konponezina berriro agerian geratu da.

Berria -

2003ko abenduak 16
Irizpena atzera bota dutenez, Unibertsitate Lege egitasmoaren inguruko erabakia Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran erabakiko da. Unibertsitate Legea eratzeko ponentziak hainbat hilabetez jardun du lanean, eta lege proiektua egina zuten Eusko Legebiltzarreko talde parlamentario guztien zuzenketa eta ekarpenak eztabaidatuta. Hezkuntza Batzordeak joan den astean eman behar zion oniritziari egitasmoari, baina, azken unean, PPk eta PSEk beren zuzenketak atzera botako zituztela iragarri zuten. Egoera horretan, Jaurlaritzako Hiruko Gobernuko alderdien (EAJ, EA eta EB-IU) eta SAren ekarpenekin onartuko zen proiektua, baina EAJk prozedura gerarazi zuen ez zegoelako horretarako prest. Batzordearen buruak, EAko Martin Aranburuk, gaur arte atzeratu zuen bilera. Gaur, berriro ere agerian geratu da EAJ eta EB-IU ez daudela prest SAren laguntzarekin legea aurrera ateratzeko, eta, halaber, agerian geratu da Hiruko Gobernuaren barruan auzi horren inguruan ez direla ados jartzen. Izan ere, EAJk eta EB-IUk, SAk egindako zuzenketen kontra bozkatu dute, eta Hirukoak egindako proposamenak baino ez dituzte onartu. EAk, berriz, SAren zenbait ekarpen babestu ditu, Onintza Lasa legebiltzarkideak agertu duenez, "koherentziagatik, ponentzian ekarpen horiek onartu baikenituen". Hezkuntza Batzordean SAren ordezkari den Araitz Zubimendi, berriz, haserre agertu da jeltzaleek zein EB-IUk hartu duten jarrerarekin. Hain zuzen ere, alderdi horietako ordezkariei galdetu die ea Unibertsitate Legea "diktadura babestu zutenekin, GAL sortu zutenekin eta 'Egunkaria itxi zutenekin" atera nahi duten aurrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna