Castrok Kubako presidentzia utziko du behin betiko

Kargua ondo betetzeko behar besteko sasoirik ez duela agertu du =lGranma==http://www.granma.cubaweb.cu/2008/02/19/nacional/artic03.html=l egunkarian plazaratu duen gutunaren bidez. Otsailaren 24an aukeratuko dute Kubako presidente berria. 2006ko uztailetik Raul Castro Fidelen anaiak betetzen du kargu hori, behin-behinekoz, haren osasun arazoengatik.

2008ko otsailaren 19a
11:06
Entzun
Fidel Castro Kubako estatuburuak behin betiko utziko du kargua. Hala iragarri du Granma eta Juventud Rebelde egunkarietan plazaratutako gutunaren bidez. "Estatu Kontseiluko predidente eta komandanteburu kargua ez dudala nahi eta ez dudala onartuko jakinaraztendizuet; berriro diot: ez dut nahi eta ez dut onartuko", dio gutunean.

"Traizioa egingo nioke nire kontzientziari mugikortasuna eta dena ematea eskatzen duen ardura beteko banu, ez bainago hori eskaintzeko baldintza fisikoetan. Dramatismorik gabe esaten dut", erantsi du.

Otsailaren 24an Estatu Kontseiluko presidentea, presidenteordea eta idazkaria aukeratuko dituzte Kuban. Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan legebiltzarkide hautatua izan zen Fidel Castro zen gaur arte hautagaietako bat. Orain ikuskizun geratzen da datorren igandean nor hautatuko dute Castroren ondorengo.

Nolanahi ere, 2006ko uztailetik Fidelen anaia Raul Castrok betetzen du behin-behinekoz presidente kargua, hain justu, hesteetako gaitz larri batek ardura hori betetzeko ezintasuna sortu zionetik. Gerora suspertu den arren, eta gogoetak plazaratuz jardun publikoan parte hartuagatik, ez du berriro ofizialki presidente kargua hartu.

1976tik presidente kargua izan du Fidel Castrok. Aurretik, Kuban Batistaren kontrako iraultza nagusitu zenetik, lehen ministro izan zen 18 urtez. Castrok 81 urte ditu. Aurrerantzean idatzien bidez "ideiez soldadu" izaten jarraituko duela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.