Ekonomia

EAk CANeko hautagaitza erretiratu egingo du, NaBairen onespenik ez badu

Aralar eta EAJ ez daude ados Nafarroako Kutxarako Maiorga Ramirez aurkeztu izanarekin. EAk uste du NaBaik "hausnarketa garbia" egin behar duela.

2008ko apirilaren 8a
17:10
Entzun
Lehengo astean EAk CAN Nafarroako Kutxako administrazio kontseilurako Maiorga Ramirez herrialdeko EAko presidentearen hautagaitza aurkeztu zuen, Nafarroa Bai koalizioko kide Aralar eta EAJren oniritzirik gabe, eta gaur Ramirezek berak jakinarazi du erretiratu egingo duela hautagaitza hori, azkenean NaBairen onespenik ez badu.

Fermin Ziaurriz Nafarroako EAko bozeramaileak babestu egin du haren erabakia, eta uste du NaBaik "hausnarketa garbia" egin behar duela "garrantzitsua zer den jakiteko; eta, kasu honetan, koalizioko baten bat CANen egotea da".

Kutxako batzarra 30 lagunek osatzen dute, eta horietatik bost Nafarroako Parlamentuak aukeratzen ditu, alderdiek beren hautagaiak aurkeztu ondotik. NaBai koaliziori dagokionez, EAJk eta Aralarrek Juan Carlos Longas NUPeko ekonomia arloko kidea aurkeztu nahi zuten. EAk eta Batzarrek, aldiz, "soslai politikoagoa eta abertzaleagoa" zuen norbait. Koalizioko alderdiek hainbat bilera egin zituzten, baina ez ziren jarri ados.

Ramirezek NaBairen "antolaketaz" hitz egiteko premia ikusten du: "Estrategia ideologikoaz eta instituzionalaz" aritzeko beharra dagoela iritzi dio, "barne koherentzia indartzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.