Politika

Auzitegi Konstituzionalak galarazita ere, galdeketa egitea proposatuko du EAk

Espainiako legediaren aurrean "mentalitate aldaketa" behar dela uste du Unai Ziarretak. "Bada garaia estrategia aldatzeko eta jauzi kualitatiboa emateko, beti ere egungo esparrua gainditzeko eta, demokratikoki, herri honen eskubide nazionalean aitortza behartzeko".

Berria -

2008ko uztailak 9
Unai Ziarreta EAko lehendakariak gaur iragarri duenez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketa debekatzen badu ere, bere alderdiak kontsulta egitea proposatuko du. Eusko Legebiltzarrak duela bi aste onatu zuen kontsulta legea, eta urriaren 25ean egin nahi dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ziarretak deritzo Espainiako legediaren aurrean "mentalitate aldaketa" egin behar dela, "herri hau beti legaltasuna onartzen dabilelako. Bada garaia estrategia aldatzeko eta jauzi kualitatiboa emateko, beti ere egungo esparrua gainditzeko eta, demokratikoki, herri honen eskubide nazionalean aitortza behartzeko". Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du galdeketarako legea EAEko aldizkari ofizialean argitaratu. Egiten duenean, Espainiako Gobernuak -hala iragarria baitu- helegitea sartuko du Auzitegi Konstituzionalean -hiru hilabete izango ditu horretarako- eta legea behin-behinean geratu egingo da. Konstituzionalak gero bost hilabeteko epea izango du erabakia hartzeko. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua "frontoia" dela uste du EAko lehendakariak, "hemendik elkarrizketarako eskaintzak egin arren, Madrilek horiek itzuli egiten dizkigulako behin eta berriro". Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentea, berriz, galdeketaren balizko debekuaren berri Euskal Herritik kanpora ematearen alde azaldu da, Zapateroren jarrera zein den erakusteko asmoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna