Lizarra-Garaziko Akordioa. 10. urteurrena

Indar abertzale aurrerakoien metaketaren beharra azpimarratu dute Lizarra-Garaziren hamargarren urteurrenean

Maltzagako Mahaiak antolatu du Garaziko gaurko ekitaldia. AB, EA, Aralar, ELB, Udalbiltza, Euskaria eta Iparraldeko Ofizialeak elkartea han izan dira, EAJ, Batasuna, EB, ELA eta LAB ez. Ordu eta erdiko bileran aztergai izan dituzte itunaren emaitzak, Anoetako aldarrikapena, Loiolako elkarrizketak edota herri galdeketa.

Berria -

2008ko irailak 13
Hamargarren urteurrena atzo izanagatik, gaurko antolatu du Maltzagako Mahaiak Lizarra-Garaziko akordioa gogoratzeko ekitaldia, eta "indar abertzale aurrerakoien" elkarlana eta haien metaketaren beharra azpimarratu dute. Gizarteko hainbat sektorek bide hori nahi dutela agertu dute, baita estrategia berritua ere. Garaziko (Nafarroa Beherea) herriko etxean elkartu eta goizean, 10:30ean hasita, bilera egin dute akordioa sinatu zuten eragile batzuek. Ordu eta erdiko batzarrean, itunarekin lortu nahi zutenaz eta haren ezaugarriez aritu dira batzarrean, baita porrotaz ere. Geroztik egindako saioak ere aztergai izan dituzte (Anoetako aldarrikapena, Loiolako elkarrizketak, herri galdeketa...). Egun sinatzaileen artean elkarlanerako baldintzarik badagoen ere aztertu dute. Ondoren, 1998ko agiria irakurri dute -"gaurkotasuna" dauka, haien iritziz- eta ikurrinari omenaldia egin diote. Garazin izan dira AB, EA, Aralar, ELB, Udalbiltza, Euskaria eta Iparraldeko Ofizialeak elkartea. EAJ, Batasuna, EB, ELA eta LAB ez dira izan; horiekin biltzeko asmoa ageru dira gaurko bilerako partaideek. =bAkordio garrantzitsua=b 1998ko irailaren 12an ezohiko argazkia iritsi zen Lizarrako (Nafarroa) kultur etxetik: zazpi alderditako, zortzi sindikatutako eta hamarretik gora elkartetako buruzagi eta ordezkariak hitzarmen politiko baten inguruan bat eginda. Tartean, alderdi eta sindikatu indartsuenetako -eta ordu arte ikuspegi politiko urrun samarrak defendatutako- buruzagiak, esate baterako, EAJko Joseba Egibar eta HBko Arnaldo Otegi. Mugarria izan zen Lizarra-Garaziko akordioa, eta euskal gatazka ulertzeko eta aterabidea emateko oinarri batzuk proposatu zituen: gatazkak izaera politikoa duela, elkarrizketa eta negoziazioan oinarrituta konponduko dela, eta euskal herritarrek izan behar dutela etorkizuna hautatzeko erabakimena. Egun batzuren buruan ETAren su-etena iritsi zen, eta herritar askoren artean ilusioa piztu zuen prozesua indartu. Gero, ordea, akordioa gauzatzeko unea iristean, sinatzaileen arteko ezadostasunak nabarmen geratzen hasi ziren, eta 1999ko azaroan ETAk su-etena hautsiko zuela iragartzean eman zuten amaitutzat eragileek akordioa. =bLizarra-Garazi akordioaren sinatzaileak=b =bAlderdiak=b AB Batzarre EAJ EA EB EKA HB ICV-EHE (Jose Maria Gorordok sortutako alderdia) Zutik (Begirale gisa: Ipar Euskal Herriko Berdeak) =bSindikatuak=b EHNE EILAS ELA ESK ELB Ezker Sindikala Hiru LAB =bElkarteak=b Amnistiaren Aldek Batzordeak Anai Artea Autodeterminazioaren Biltzarra Bakea Orain CAR/Ahaideak Comité de défense de droits de l´homme en Pays Basque Egizan Elkarri EPSK/Gureak Gazteriak Gernika Batzordea Gogoa Gurasoak Hautetsi Abertzaleen Elkartea Herria 2000 Eliza Herriarekin Jarrai Presoen Aldeko Koordinaketa Senideak Sostengu Komiteak UDA-Treviño

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna