Politika

Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi du ANV

1930ean sortutako alderdi politikoa desegiteko agindua eman du, baita haren ondasun denak kentzeko ere. Gorena atzo hasi zen defentsaren alegazioak aztertzen eta gaur eman du epaia. Kasu egin die Estatuaren abokatuaren eta fiskalaren eskaerei. Hauek bi argudio nagusi erabili dituzte ANVren aurka: Batasunari laguntza eta sostengu politiko-instituzionala ematea, eta Batasunarekin lotura finantza-ekonomikoa izatea. Auzitegia bihar hasiko da aztertzen EHAKren kontrako legez kanporatzeko auzia.

2008ko irailaren 16a
18:06
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo uzteko epaia atera du gaur, eta alderdi politiko hura desegiteko agindua eman du, baita haren ondasun denak kentzeko ere. Irailean egin zuten ANVri buruzko auzi saioa, eta honek ostegunean aurkeztu zituen alegazioak.

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak otsailaren 8an ANVren -eta EHKAren- jarduerak eten zituen. Iazko udal eta foru hauteskundeetan ANVko kide gisa hautatu zituzten zinegotziek, batzarkide eta alkateek, otsaileko ebazpenetik bezala, ez dute kargu publikoa galduko, baina oso murriztua izango dute jarduera.

Legez kanpo uzteko eskaera egina zuten Espainiako Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak. Goreneko 61eko sala atzo hasi zen aztertzen EAE-ANVko defentsaren alegazioak eta gaur eman du epaia. Hamasei magistratuek aho batez hartu dute erabakia, eta Francisco Jose Hernando Goreneko presidenteak eguerdian esan du epaia bera hurrengo egunetan argitaratuko dutela -ohikoa ez den bezala, prentsaurrekoa eman du-.

Estatuaren abokatuak eta fiskalak bi argudio nagusi erabili dituzte ANVren aurka: batetik, Batasunari laguntza eta sostengu politiko-instituzionala ematea, eta, bestetik, Batasunarekin lotura finantza-ekonomikoa izatea.

Alderdia legez kanporatzeko auzian frogak praktikatzeko saioek frogarik eza agerian uzteko balio izan dute, defentsak azken alegazioetan nabarmendu zuenez. Kasu batzuetan, Estatuko abokatuak eta fiskalak onartu egin zuten euren aurkeztutako frogen baliorik eza, azken alegazioetan horien aipamenik ez zutelako egin.

Defentsaren iritziz, akusazioek argudiatutako jarduera batzuk ez dira nahiko frogatu legez kanporatzeko motiboekin loturarik izan dezaketenik -AHTren kontrako kanpainak eta Demokrazia Zero lelokoa, esaterako-. Beste kasu batzuetan, "akreditatu ez diren gertaeretan" oinarritzen dira -Batasuna eta bere kideak finantzatzeko akusazioaren kasuan-. Beste batzuek ez dute zerikusirik legez kanporatzeko prozesuarekin. Beste jarduera batzuk, salbuespenak edo kasu isolatuak dira, eta beste zenbait "askatasun ideologikoaren eta adierazpen askatasunaren babespean" daude.

1930ean sortu zuten Eusko Abertzale Ekintza EAE-ANV alderdia. Ordezkaritza esanguratsua izan zuen Errepublika garaian eta modu aktiboan hartu zuen parte Espainiako Gerran. Jose Antonio Agirre lehendakari zuen lehen Eusko Jaurlaritzako kide izan zen. 2007an udal eta foru hauteskundeetan izan zen; ez leku denetan, haren hainbat zerrenda baliogabetu egin zituelako Espainiako Justiziak.

EHAKri buruzko auzi saioa ere egin zuten irailean, eta alderdi horrek atzo aurkeztu zituen alegazioak. Auzitegi Goreneko 61. sala berezia bihar hasiko aztertzen EHAKren kontrako legez kanporatzeko auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.