Ekonomia

Bushen salbamendu plana onartu du AEBetako Senatuak

Zenbait aldaketa egin dizkiote hasierako egitasmoari "herritarrak babesteko", eta horrenbestez, senatarien gehiengoaren babesa jaso du. Nolanahi ere, Gobernuak finantza merkatuei laguntzeko 700.000 milioi dolar jartzea aurreikusten du. Ziurrenera bihar eramango dute berriro Kongresura.

Berria -

2008ko urriak 2
Kongresuan ez bezala, Senatuan finantza merkatuetako krisiari aurre egiteko salbamendu plana aurrera ateratzea lortu du George Bush AEBetako presidenteak. Horretarako, zenbait aldaketa egin behar izan dizkio hasierako egitasmoari, "herritarrak babesteko". Besteak beste, hainbat zerga arintzea aurreikusten du, "erdiko klaseari" laguntzeko asmoz. Nolanahi ere, hasierako planean bezala, finantza merkatua garbitzeko eta bere onera ekartzeko Gobernuak 700.000 milioi dolar jartzea aurreikusten da. Atzo arratsean onartu zuen egitasmoa AEBetako Senatuak (74 senatari alde, 25 kontra), baina orain Kongresuaren oniritzia behar du aurrera egin dezan. Kongresuak atzera bota zuen hasierako egitasmoa astelehenean (228 boto kontra, 205 alde), eta ziurrenera, Senatuaren baiezkoa jaso ondoren, bihar bozkatuko dute berriz. Oraingoan, aipatutako aldaketak eginda, egitasmoak aurrera egitea espero dute Gobernuko iturriek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna