KulTURA

Eider Rodriguezen 'Katu jendea' egitasmoak irabazi du Igartza saria

Diruak eta edertasunak gizartean duten garrantzia izango da ipuinen haria, baina autonomoak izango dira.
Eider Rodriguez, Igartza saria jaso ondoren.
Eider Rodriguez, Igartza saria jaso ondoren. Argazki Press

Aitor Abaroa -

2008ko urriak 23
Diruak ezin omen ditu erosi bizitzan garrantzitsuak diren gauzak. Edertasunaren gainetik, barruan dagoena omen da garrantzitsuena. Eider Rodriguezen =iKatu jendea=i ipuin liburuak, berriz, diruak eta edertasunak egungo gizartean duten garrantzia izango du hari. Aurten hamaikagarren aldia du Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak sustatzeko antolatzen duten lehiaketak. 35 urte baino gutxiago eta gehienez bi liburu kaleratuta dauzkaten idazleek dute aukera euren proiektuak lehiaketara aurkezteko. Aurten, Igor Estankonak, Xabier Etxeberriak eta Karmele Jaiok osatu dute epaimahaia, eta saria Eider Rodriguezen =iKatu jendea=i egitasmoari esleitzea adostu dute. Hala, Rodriguezek 6.000 euroko diru laguntza jasoko du, liburua idazteko, eta Elkarrek lana argitaratzeko konpromisoa hartuko du. Idazleak urtebete izango du idazketa lana burutzeko. =bElkarrizketa hobetsiz=b Hamar bat ipuinez osatutako bilduma du buruan Rodriguezek. Oraingoz, lau ipuin idatzi ditu; horietako bat da =iKatu jendea=i izenekoa, bilduma osoari izena emango diona. Oro har, izango du bildumak ipuin guztiak harilkatuko dituen gai bat, baina ipuin beregainak izango dira: «Bada joera bat ipuin liburuetan ipuin guztiak nolabait lotzekoa, nahiz eta hori lortzeko ipuinak beharttu behar. Nik ez dut horrelakorik egingo. Diruak eta edertasunak duten garrantzian jarriko dut arreta, arazoa dutenari erreparatuz, baina ipuinak autonomoak izango dira», adierazi du idazleak. Politikak ere bere tartea izango duela jakinarazi du, «baina modu lausoan, alderdiei-eta lotu gabe». Estilo aldetik, adjetibazio urriko testuak idazteko asmoa duela azaldu du, eta elkarrizketaren aldeko apustua egingo duela, pertsonaien bakarrizketentzako leku gutxiago utzita. Bestalde, ipuinak gehiegi ez apaintzeko asmoa duela azaldu du, «zikin geratuko balira, halaxe utziko ditut». Liburua idazteko urtebeteko epea izango du Rodriguezek. Epe-muga izateak ez omen dio sormen lanean eragingo: «Denbora mugatua izateak ematen dio halako tentsio puntu bat sormen prozesuari. Nik lanean ere eskertzen dut hori; nire kasuan, onerako dela esango nuke». Orain arte, bi ipuin liburu plazaratu ditu Rodriguezek, =iEta handik gutxira gaur=i (Susa, 2004) eta =iHaragia=i (Susa, 2009). Ipuinak idaztera nolabait behartua dagoela adierazi du: «Bizi erritmoak markatzen dit idazten dudana. Ipuin bati ahalik eta denborarik gehien ematen saiatzen naiz. Ondorioz, ezingo nioke nobela bati heldu, ez baititut sei hilabete edo urte bat idazketari egunean zortzi ordu emateko». Dena dela, Rodriguezek esandakoaren arabera, badu esku artean =iKatu jendea=i-z aparteko zirriborro bat, baina oraingoz, ez omen daki hortik zer aterako den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna