Politika

EAk Bruselan salatuko du "Espainiaren kalitate demokratiko eza"

Unai Ziarreta presidentea eta Mikel Urkijo europarlamentaria astelehenean joango dira, eta Europako Parlamentuko legebiltzarkide batzuekin batzartuko dira.
Unai Ziarreta EAko presidentea.
Unai Ziarreta EAko presidentea. Argazki Press

Berria -

2008ko azaroak 1
EA hurrengo astean Bruselara joango da, eta Europako parlamentari batzuen aurrean "Espainiaren kalitate demokratiko eza" salatuko du, gaur Unai Ziarreta alderdiko presidenteak iragarri duenez. Honen arabera, "Espainiako Gobernuak Euskal Herria isildu egin nahi du, bere etorkizuna modu librean erabakitzea eragotzita". Ziarretaz gain, Mikel Urkijo EAko eurolegebiltzarkidea ere joango da hara, astelehenean. Europako Parlamentua bisitatuko dute eta haibat elkarrizketa izango dituzte legebiltzarkideekin. "Gutxiengo nazionalen" babesaren alde lan egiten duen taldearekin batzartuko dira lehendabizi. EAk dioenez, talde horrek Euskal Herriko egoera politiko eta ekonomikoa jorratua du. Friendship taldearekin ere elkartuko dira -SPD (Alemania) eta Sinn Fein (Irlanda) dira kideetakoak-, baita ALE Europako Aliantzeko Libreko kideekin ere. ALEko kide da EA, eta ERC (Herrialde Katalanak) edota Scottish National Party (Eskozia) ere partaide dira. "Estaturik gabeko nazioak aitortzeko Europan zer pauso eman diren aztertuko dugu", esan du Ziarretak. Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Lehengo urriaren 25ean egitea nahi zuten galdeketa. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak irailean iragarri zuen Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako salaketa sartzeko asmoa zutela, Konstituzionalaren erabakiak "pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik", baina oraindik ez dute halako pausorik eman.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna