Desagerketa

Perturren desagertzeari buruzko ikerketa abiatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

ETAko buruzagi zenaren gurasoen kereila aintzat hartu du Fernando Andreu epaileak, eta hainbat laguni deklarazioa hartzen hasi da gaur. Eduardo Moreno Bergaretxe =iPertur=i 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azken aldiz. Bi hipotesi dia nagusiak: batetik, ETAko kideek bahitu eta hil zutela, eta bestetik, eskuin muturreko taldeek -zenbaitzuen arabera, Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta-. ETAren susmoa agertu du gaur deklaratu duen Juan Jose Gurrutxaga erakunde armatuko kide ohiak.

2008ko azaroaren 3a
15:02
Entzun
Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko-militarreko buruzagi zenaren desagerketaren harira hainbat laguni deklarazioa hartzen hasiko da gaur Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. Duela 32 urte, 1976ko uztailaren 23an, desagertu zen Pertur, eta haren gurasoek aurkeztutako kereila baten harira abiatu du orain ikerketa Andreuk.

Besteak beste, ETAko hainbat kide ohiri hartuko die deklarazioa, batzuei fiskaltzaren eskariz besteei familiak proposatuta. Gaur Juan Jose Gurrutxaga Aizpuruaren txanda izan da. Susmo zehatza agertu dio Gurrutxagak epaileari: Pertur ETAk bahitu eta hil zuela.

Lekukotasuna eman eta gero Gurrutxak kazetariei adierazi dienez, desagertzea gertatu ondorengo lehen uneetan Espainiako Poliziaren kontura zela pentsatu zuten. Gero, ordea, bereziek "erreakzio arraroa" izan zutela iruditu zitzaien, "ez baitzeuden Perturren desagerkeketarekin kezkatuta" eta arduradunak eurak zirela pentsatu zuten. "Horrek pentsarazi zigun desagerketarekin zerikusia zuela", esan du.

Gaur Gurrutxaga izan da deklaratzen lehena. Bihar Eugenio Etxebeste Antxon-en txanda izango da. Simon Loiola Albizuri hartuko dio deklarazioa asteazkenean, eta hilaren 10 eta 11n Euleterio Jauregi Belokiri eta Lourdes Auzmendiri hurrenez hurren.

Perturrekin zer gertatu zen ez da inoiz argitu. Hala ere, urteetan hiru hipotesi nagusitu dira: ETAko talde bereziek bahitu zutela; bahiketa talde ultraeskuindar batek egin zuela edo Italiako talde neofaxista batek, Espainiako zerbitzu sekretuen aginduz.

ETAko bi kidek ikusi zuten azken aldiz Pertur: Pakito Mujika Garmendiak eta Miguel Angel Apalategik. Gainera, ETA barneko eztabaida prozesu batean zegoen, eta desadostasunak agerikoak ziren. Hori dela eta, ETAko talde bereziek bahitu zuten hipotesiari indarra ematen dio epaileak.

«Beste erakunde edo talde terrorista batek» bahitu zuela pentsatzea ere «arrazoizkoa» dela dio. Nahikoa arrazoi dagoela Pertur Espainiako talde ultraeskuindar batek bahitu zuela pentsatzeko.

Hirugarren tesiari ez dio horrenbesteko sinesgarritasunik eman Andreu epaileak. Pertur Italiako talde neofaxista batek Espainiako zerbitzu sekretuen aginduz bahitu eta desagerrarazi zuela dio tesi horrek, eta aukera horrek iaz indarra hartu zuen, Angel Amigok zuzendutako Deabru guztien urtea dokumentala kaleratzearekin batera.

Auzia berriz zabaltzeko, mahai gainean zeuden bi zalantzak argitu ditu epaileak. Batetik, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskumena den argitu behar zuen. Hiru hipotesiak aztertuta, auziak «terrorismoarekin» zerikusia duela ebatzi du.

Moreno desagertu zenetik igarotako denbora dela eta, auzia preskribituta zegoen argitu behar zuen bigarrenik. Andreuren esanetan, auzia ez dago iraungita. Desagertu zenetik 32 urte igaro diren arren, Pertur ez dute oraindik aurkitu. Beraz, auzia baliogabe geratu dela esateko denbora ez da oraindik zenbatzen ere hasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.