Musika

Mikel Laboa hil da

Gaur goizean zendu da, 74 urterekin, azkenaldian osasunez makal ibili ondoren. Ez Dok Amairuren sortzaileetakoa, euskal kantagintza berriaren suspertzailea eta belaunaldiz belaunaldi iraun duen kantari eta musikaria izan da. Gorpua eraman dute dagoeneko Donostiako Errekaldeko beilategira eta bihar goizean erraustuko dute. Abenduaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman behar zion; Donostiako Udalak hirikoa emango dio.
Mikel Laboa.
Mikel Laboa. / Argazki Press

Berria -

2008ko abenduak 1
Azken egunak etxean osasunez makal eman ondoren atzo ingresatu zuten Donostiako Poliklinika erietxean =lMikel Laboa==http://eu.wikipedia.org/wiki/Mikel_Laboa=l (Donostia, 1934), eta gaur goizean hil da Marisol Bastida emaztea eta seme-alabak alboan zituela. Gorpua dagoeneko eraman dute Donostiako Errekaldeko beilategira eta bihar 11:15 aldera erraustuko dute, hantxe. Familiakoak eta hurbilekoak goizetik daude beilategian, eta eguerdirako hasi da gizarte eta kultur munduan ezaguna den jendea hara hurbiltzen. Eguerdian, besteak beste, Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta =iJakin=i-eko burua, Mari Karmen Garmendia Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia eta Jose Mari Gorrotxategi gozogile ezaguna han izan dira dagoeneko familiari samina adierazten. Arratsaldean, berriz, han izan dira Benito Lertxundi, Urko, Ruper Ordorika, Xabier Lete, Joseba Tapia, Fermin eta Jabier Muguruza musikariak edota Bernardo Atxaga idazlea. Agintariak ere hasi dira heltzen. Izan ere, Mikel Laboa euskal kantagintza berriaren ildoko musikari eta kantari handienetakoa izan da, =lEz Dok Amairuren==http://eu.wikipedia.org/wiki/Ez_Dok_Amairu=l sortzaile eta kide ezagunenetakoa. Belaunaldiz belaunaldi iraun du Laboaren arrakastak, eta bere garaikideena ez ezik, gazteen miresmena jaso du behin baino gehiagotan. Joxean Artzeren letraren gainean ondu zuen =iTxoria txori=i, esaterako, euskal kantarik ezagunenetakoa bihurtu da. Artzerenak bezala, hainbat euskal poetaren letrak musikatu zituen. Euskal kantagintza tradizionala jorratu zuen, alde batetik, besteak beste, aintzinako doinu eta abestiak berreskuratuz. Bestetik, bide erabat esperimental eta berritzaileetan aritu zen, =iLekeitioak=i horren adibide. Medikuntza ikasi zuen eta haurrentzako psikiatra izan zen ogibidez. Abenduaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman behar zion bere ibilbideagatik, Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 11n iragarri zuenez. Donostiako Udalak gaur jakinarazi du hiriko urrezko domina emango diola Laboari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna