Hileta elizkizuna eta manifestazioa, ostiralean

2008ko abenduaren 3a
20:32
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du gaurko atentatuaren aurkako manifestazioa egingo dutela Azpeitian, Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizunaren ondoren, eta arratseko zortziak aldera jakin da hileta eta manifestazioa ostiralean izango direla, ez bihar.

Hain zuzen, 19:30ean hasiko da hileta, Soreasu parrokian, eta Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak emango du meza. Beraz, 20:30ak aldera izango da manifestazioa.

Camona Azpeitiko beilategia bihar zabalduko dute, 19:00etan.

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, Confebask, Adegi, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eudel EAEko udalen elkarteak ere deitu dute manifestazioa, elkarrekin. "ETAri kanpora esateko egingo dugu manifestazioa", esan du Ibarretxek gaur arratsaldean erakunde haietako ordezkariekin egindako agerraldian. "Gure artetik behin betiko irteteko esango diogu".

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea Azpeitian izango da, hiletan eta manifestazioan.

Biharko, berriz, 12:00etarako, EAEko udaletxe aurre denetarako elkarretaratzea deitu du Jaurlaritzak. Ordu laurdenekoa izango da.

Lehenago, 10:30ean, Altuna y Uria enpresako langileek bilkura egingo dute Azpeitian, Loiolan duten egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.