Politika

Martxoaren 1ean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak iragarri du, Jaurlaritzako Gobernu kontseiluarekin ohikotik kanpoko batzarra egin ondoren. "Etxeko lanak" amaitu dituztelako eta "denborarik ez galtzeko" erabaki dute bozak martxoko lehen igandean egitea. Otsailaren 13tik 27ra izango da hauteskunde kanpaina.

Berria -

2009ko urtarrilak 2
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak datorren martxoan egingo direla iragarria zuen Ibarretxek, baina gaur zehaztu du hilabete horretako lehen igandean egingo direla, martxoaren 1ean. Urteko lehen lanegunean ohikotik kanpoko bilera egin du lehendakariak Jaurlaritzako Gobernu kontseiluarekin, hain zuzen ere, bozen data ezartzeko, eta ondoren agerraldia egin du erabakiaren berri emateko. Ibarretxek adierazi du "etxeko lanak" jada eginak dituztela eta denborarik ez galtzearren erabaki dutela hauteskundeak martxoko lehen igandean egitea. Ildo horretatik, egindako lanarekin pozik agertu da lehendakaria, eta amaitzear den legealdia oparoa izan dela nabarmendu du: ekimen asko atera direla aurrera eta Legebiltzarreko gainerako alderdi guztiekin mintzatu direla eta une batean edo bestean denekin iritsi direla hitzarmenetara. Akatsik egin badute barkamena ere eskatu du. Datorren astelehenean, urtarrilaren 5ean, sinatuko du Ibarretxek hauteskundeera deitzeko eta Legebiltzarra desegiteko dekretua, eta biharamunean, urtarrilaren 6an, argitaratuko da buletinean. Otsailaren 13tik 27ra izango da hauteskunde kanpaina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna