Neurri bereziak, lekukoak, epaiketa bukaera...

2009ko urtarrilaren 8a
09:53
Entzun
Neurri bereziak hartu ditu auzitegiak, ikusmina dela-eta

Ikusmin handia sortu du epaiketak Euskal Herrian eta nazioartean, eta EAEko Auzitegi Nagusiak neurriak hartu behar izan ditu. Duela astebete 130 bat kazetari zeuden epaiketa jarraitzeko izen emanda. Kopuru horixe sartzen da auzitegiko areto nagusian. Baina jarleku guztiak ezin dira kazetarientzat gorde.

Hogei kazetari onartu dituzte aretoan. Horien artean, BERRIAkoa. Aretora sartuko diren kazetariei, sartzeko hitzorduak ere jarri dizkiete, multzotan banatuta.

Beste eserleku batzuk epaituen senideentzat gorde dituzte. Beste batzuk, abokatu eta fiskalentzat. Bertara joan nahi duten pertsona guztientzat lekurik ez dagoela-eta, eserlekuak zozketatzea erabaki du auzitegiak. 30 leku zozketatu ditu eskatu duten herritarren artean.

Gelan jende gehiago sar dadin, ohiko aulkiak kendu eta bankuak jarri dituzte ikusleentzat.

Lau akusatu espetxetik eraman dituzte

Zortzi akusatuetatik lau espetxetik eraman dituzte EAEko Auzitegi Nagusira. Ezker abertzaleko bost kideetatik lau, hain zuzen: Juan Joxe Petrikorena, Olatz Dañobeitia, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena. Arnaldo Otegi, abuztuaren 30ean askatu zuten.

Ibarretxek, Lopezek, Aresek eta Otegik auzitegiko ate nagusitik sartzeko aukera izan dute, eta Petrikorenak, Dañobeitiak, Etxeberriak eta Barrenak atzeko atetik -lau presook autoz sartu dituzte garajeetara-.

Lekuko: Zapatero, Aznar, Alec Reid, Francesco Cossiga…

Lekuko asko igaroko dira epaiketatik. Asko, eta ezagunak. Euskal Herrikoak eta nazioartekoak. Guztira, ehun bat. Bilboko auzitegitik igaroko dira gehienak. Baina ez denak. Idatziz emango dute lekukotza Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, Jose Maria Aznar gobernuburu ohiak eta Alfredo Perez Rubalcaba eta Jaime Mayor Oreja PSOEko eta PPko buruek. Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidenteak, bere bulegotik. Euskal Herriko alderdi gehienetako politikariek auzitegian bertan emango dituzte azalpenak. Baita nazioartean gatazka politikoak konpontzen eskarmentua dutenek ere. Francesco Cossiga, Federico Mayor Zaragoza eta Alec Reid Bilbora etorriko dira lekuko aritzeko.

Epaiketa hilaren 29an amaitzea espero dute

Auzitegiak epaiketari begira zabaldutako plangintzak urtarrilaren 22ra arteko egutegia jasotzen du. Baina hilaren 29an amaituko dela aurreikusi dutela jakinarazi du. Astelehenetik ostegunera bitartean izango dira saioak, hasiera batean. Aurrez egindako plangintzaren arabera, goizez soilik. Ostiraletan, ez litzateke ahozko saiorik egongo, beraz, eta arratsaldeetan ere ez. Baina egutegi hori alda daitekeela oharrarazi dute. Ahozko saioaren martxa uste baino motelagoa bada, ostiraletan jarraituko du epaiketak, eta ez da baztertu behar arratsalde batzuetan ere jarraitu behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.