Atxiloketak

Ezker abertzaleko zortzi kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Amparo Lasheras eta Iñaki Olalde atxilotu ditu. Horrez gain, Bilbon Herria Aurreraren egoitza eta Tasio Erkiziaren eta Joserra Etxebarriaren etxeak miatu dituzte, Iruñean Marine Pueyoren etxebizitza, Uharte-Iruñean Santi Kirogaren etxebizitza, eta Hondarribian Miren Legorbururena. Gasteiz Izan plataformaren egoitza ere miatzen aritu dira. "Ezker abertzalearen proiektu politikoaren kontrako eraso garbia da. Kontrolatu eta kriminalizatu nahi dute pentsamendu eta proiektu politiko bat", salatu du Erkiziak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan, D3Mren kontrako operazioa da, baina Baltasar Garzonek dio Batasuna eta Ekinen kontrakoa dela.
Espainiako Poliziak Gasteiz Izan plataformaren egoitza miatu ondoren jarritako prezintatze oharrak, goian, eta gaur iluntzerako antolatu duten protesta elkarretaratzerako deia, behean.
Espainiako Poliziak Gasteiz Izan plataformaren egoitza miatu ondoren jarritako prezintatze oharrak, goian, eta gaur iluntzerako antolatu duten protesta elkarretaratzerako deia, behean. / Argazki Press

Berria -

2009ko urtarrilak 23
Gaur goizaldean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz, Poliziak ezker abertzaleko zortzi kide atxilotu ditu Hego Euskal Herrian. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan, D3Mren kontrako operazioa da, "hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrendak egon daitezen eragozteko". Iturri ofizialek, ordea, Garzonen hitzak jasoz, operazioa Batasunaren eta Ekinen kontrakoa dela zabaldu dute, atxilotutakoak Batasunaren buruzagitza berreraikitzen saiatzen ari zirela argudiatuta. Orotara 18 etxebizitza eta egoitza miatu ditu Poliziak. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak "ETAren egiturako kide eta kolaboratzaile" izatea leporatu die atxilotuei. Ukatu egin du bere gobernuak eta epaileek ideia independentistak jazartzen dituztela. Araban, Batzar Orokorretako ordezkari independentista Aitor Bezares Gasteizen atxilotu dutela zabaldu dute hainbat iturrik hasieran, baina Amnistiaren Aldeko Mugimenduak berri hori ukatu egin du. Halere, haren etxea miatu dute. Gainera, baieztatua dago Amparo Lasheras atxilo eraman dutela Gasteizen. Halaber, Iñaki Olalde preso eraman du Poliziak, Aguraingo haren etxetik. Bizkaian, Arantza Urkaregi (Bilbon), Eli Zubiaga (Getxoko Algorta auzoan), Iker Rodrigo (Getxoko Erromo auzoan) eta Imanol Nieto (Sestaon) atxilo hartu dituzte, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak baieztatu duenez. Gipuzkoari dagokionez, Donostian Hodei Egaña atxilotu dute, eta Usurbilen Agurtzane Solaberrieta. AAMk jakinarazi du atxilotuak inkomunikatuak daudela eta Madrilera eramango dituztela. Igandean pasatuko dituzte epailearen aurretik. =bEtxe eta egoitza miaketak Bizkaia eta Nafarroan=b Poliziak Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoaren etxea miatu du Bilbon, eta hainbat gauza eraman ditu handik. Erkiziak Euskadi Irratiari azaldu dionez, "pentsamendua arakatzen" saiatu dira, eta ordenagailuan zituen lanak miatzen aritu dira, besteak beste. "Ezker abertzalearen proiektu politikoaren kontrako eraso garbia da. Kontrolatu eta kriminalizatu nahi dute pentsamendu eta proiektu politiko bat", salatu du lesakarrak. =lBusturialdeko Hitza==http://www.busturialdekohitza.info=l-k jakinarazi duenez, Joserra Etxebarriaren etxea ere miatu dute. Halaber, Bilboko Esperantza kalean Herria Aurrera plataformaren egoitza miatzen aritu dira Espainiako poliziak. Miaketa hori bertatik bertara jarraitu du Garzon epaileak. Bertara eraman dute Arantza Urkaregi plataformako kidea. Egoitzatik hainbat kutxa eraman ditu Poliziak. Arabako hiriburuan Gasteiz Izan plataformaren egoitza miatzen aritu dira, Judizmendi auzoan. Bertara eraman dute Lasheras. Bai Herria Aurrerari bai Gasteiz Izani joan den udal hauteskundeetan parte hartzeko debekua ezarri zioten Espainiako epaileek. Horrez gain, D3M plataformako Arabarako bultzatzaile Fernando Antiaren etxea goitik behera aztertu dute Gasteizen, goizaldeko 2:00etatik 8:00etara. Nafarroan, Poliziak Iruñeko eta Uharte-Iruñeko zinegotzi independentista Marine Pueyo eta Santi Kirogaren etxeak miatu dituzte. Gipuzkoan, Hodei Egañaren etxebizitzara, Donostiara, joan da Polizia goizaldeko 2.10ean, eta etxea arakatzen aritu dira 6.30ak arte. Ordenagailua, gutunak eta hainbat paper eraman dituzte, gaztea atxilotua eramatearekin batera. Gainera, Usurbilgo Udalaren bulego bat –AEK-k erabiltzen duena– miatu dute. Eguerdi irian Berria.info-k jakin duenez, Hondarribian Miren Legorburu bertako zinegotziaren etxebizitza miatu dute. Bost orduz egon dira poliziak eta bertatik paperak eta lau ordenagailu eraman dituzte. Ez dute atxilotu, ordea. =bGaurko mobilizazioak=b Atxiloketak salatzeko asmoz, hainbat protesta mobilizazioetarako deialdia egin du AAMk. Hala, Bizkaiari dagokionez, Erandion (atxilotuetako baten bizilekua), arratsaldeko 20:00etan metro irteeratik manifestazioa egingo dute. Getxoko Algorta auzoan, ordu berean abiatuko da manifestazioa, Telletxetik. Gauza bera eta ordu berean Sestaon. Gasteizen 20:30etan hasiko da manifestazioa, Andre Mari Zuriaren plazatik. Gipuzkoan, Usurbilen arratsaldeko 20:00etan abiatuko da manifestazioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna