Atentatua

Bonba-furgoneta leherrarazi du ETAk Madrilen, eta ez da zauriturik izan

Campo de las Naciones-en izan da eztanda, bederatzietan, lagun batek ETAren izenean Madrilgo suhiltzaileetara telefonoz abisatu eta ordu eta erdira. Ferrovial Agroman enpresaren egoitzaren aurrean egin dute atentatua; Euskal Herrian AHT eraikitzen ari den enpresetakoa da Ferrovial. Kalte materialak handiak ez direla izan esan du Rubalcabak.

Berria -

2009ko otsailak 9
Madrilen atentatua egin du ustez ETAk, bonba-furgoneta leherrarazita. 9:02an izan da ekintza eta, osasun zerbitzuek esan dutenez, ez dago zauriturik. Campo de las Naciones-en izan da eztanda, Ferrovial Agroman eraikuntza enpresaren egoitzaren aurrean, Ribera del Loira kalean. Madril hiriko ekialdean dago gune hori. Kalte materialak handiak ez direla izan esan du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Beirak txikitu ditu eztandak, sabai faltsuak bota..., baina ez ditu eragin egiturazko kalteak. 60 bat auto hondatu egin dira. Lagun batek ETAren izenean 7:34an abisua eman du, Madrilgo suhiltzaileetara telefonoz deituta. Minutu batzuk geroago hango Gurutze Gorrira eta Samur-era ere deitu du. Espainiako Poliziak ingurua itxi du ondoren, eta M-40 errepidean eta ondokoetan trafiko arazo handiak sortu dira, baita metroan ere. Poliziak 8:13an topatu du ibilgailu hura -Peugeot Partner-. Ikerketa iturrien arabera, deiak Madrildik egin dituzte, poltsikoko telefonoz. Furgoneta bart lapurtu dute, Valdemorillo herrian (Madril erkidegoa). Hiriburutik 50 kilometrora dago. Rubalcaba Barne ministroak Espainiako Auzitegi Gorenak bart Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformaz eta Askatasuna alderdi politikoaz hartutako erabakiarekin lotu atentatua -Gorenak baliogabetu egin ditu biok-. Hain zuzen, Euskal Herrian Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzen ari den enpresetakoa da Ferrovial, eta telefono deia egin duenak bonba-furgoneta Ferrovialen aurrean jarri dutela zehaztu du. Fonorte-rekin batera, Legutiano (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean ari da AHTko lanetan, 2,4 kilometroko tartea eraikitzen. 2006ko abenduan lortu zuen horretarako lizentzia, eta 2010erako bukatzeko epea du. AHT egiten ari diren enpresak eta horietako goi-langileak jomugan ditu ETAk, urtarrileko agirian jakinarazi zuenez. Abenduaren 3an Inazio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa hil zuen erakunde armatuak Azpeitian (Gipuzkoa), tiroz, eta urtarrileko agirian zioen enpresa hori AHT eraikitzen ari delako egin zuela atentatua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna