'Egunkaria auzia'

'Egunkaria'-ren auzibidea ixteko eskatu dute hainbat eragilek berriro

Egunkariaren Aldeko Taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, euskarazko kazetaren itxieraren seigarren urteurrenean.
'Egunkaria auziko' auzipetuetako batzuk, gaur, Andoaingo elkarretaratzean.
'Egunkaria auziko' auzipetuetako batzuk, gaur, Andoaingo elkarretaratzean. BERRIA.INFO

Berria -

2009ko otsailak 20
Gaur sei urte itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak =iEuskaldunon Egunkaria=i, eta gaur berriro elkartu dira Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean -han zegoen =iEgunkaria=i-ren egoitza- hainbat eragile, auzibidea ixteko eskatuz. Hamabietatik aurrera =iEgunkaria libre!=i lelopean batu dira berrehun bat lagun, Egunkariaren Aldeko Taldeak deituta. "Gertaera bereziak, larrienak izanik ere, herri honetan zeremonia sozial arruntez oroitzera ohitzen ari gara. Gainera, hain dira ugari gure herrian gertatu ohi diren gehiegikeria politikoak ezen gehiegikeria bakoitza galduta gelditzen baita auzoan gertatzen denarekin. Gehiegikeria horiek banan banan aipatzen hasiko bagina errosario luzea osatuko genuke", esan du talde haren izenean Joan Mari Torrealdai auzipetuak. Auzia ixteko eskatu du, eta une hauetan epaiketara bidean daudela gogoratu du. "Ingurura begira jartzen gara, adierazleren bat bilatu nahian, eta aurkitzen ditugunak ez dira onak. Ilegalizazio gehiago, 18/98koak bezalakoak kartzelan, antzerako akusazio oinarriekin diren beste batzuk ere barruan... Ez, ez dira adierazle onak. Ez dugu aurkitzen baikor izateko zantzurik". Baina ez dute etsiko, Torrealdaik azpimarratu duenez, eta "kontzientzia kritikoa" izatea garrantzitsua dela adierazi du. "Zuengana helarazi nahi dugun deia hauxe da: eska dezazuela behin eta berriz sobreseimendua, =iEgunkaria=i kasuaren artxiboa, epaiketarik ez!. Zuen aurretik beste askok egin duten bezala: Gure Babes Taldeak hasteko, eta gero, Europako Parlamentuko hainbat parlamentarik, Eusko Legebiltzarrak, Batzar Nagusiek, Eusko Jaurlaritzak hiruzpalau bider, Espainiako Erresumako Gorteetako 61 diputatu eta senatorek. Fiskalak berak ere ez du akusatzen". =bOrdezkaritza zabala Martin Ugalde Kultur Parkean=b Gaurko elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia (EAJko kidea), Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Euskara diputatua (EAJ), Arnaldo Otegi eta Tasio Erkizia (ezker abertzalea), Xabier Mikel Errekondo (Usurbilgo alkatea, ezker abertzalea), Marian Beitialarraingoitia (Hernaniko alkatea, ezker abertzalea), Onintza Lasa (EAko zuzendaritzakidea), Jon Abril (Aralarreko koordinatzaileordea), Rebeka Ubera (Aralarreko batzarkidea Gipuzkoa), Mikel Izagirre (EBko kidea eta Urnietako alkatea), Antton Karrera (EB), Patxi Agirrezabala (ELAko Komunikazio arduraduna) eta Rafa Diez (LABeko idazkari nagusi ohia). Politikari eta sindikalistez gain, Joxean Lizarribar (EKTko administrazio kontseiluko lehendakaria) ere izan da, Joanmari Larrarte (EKTko kontseilari ordezkaria), Pello Zabala (EKTko administrazio kontseiluko kidea), Iñaki Murua (Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria), Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria), Xabier Mendiguren (Kontseiluko idazkari nagusia), Joan Mari Irigoien (idazlea), Mariano Ferrer (kazetaria), Xabier Letona (=iArgia=i astekariko zuzendaria), Antton Olariaga (marrazkilaria), Mattin (marrazkilaria), Iñaki Zabaleta (EHUko irakalea), Mattin Troitiño (Senideak), Martxel Toledo (Esait)... =bBi auzi daude irekita=b 2003ko otsailaren 20an Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, =iEgunkaria=i-ko egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituzten: Xabier Alegria, Luis Goia (2006an hil zen), Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Iñaki Uria, Fermin Lazkano, Txema Auzmendi eta Inma Gomila. Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Guztiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude. Bi auzi daude: =iEgunkaria=i-ren itxiera ekarri zuen sumario nagusia batetik, eta auzi ekonomikoa, bestetik. Lehen kasuan akusatuta daudenei, =iEgunkaria=i-n "izandako ardurengatik", ETAko kide izatea egotzi diete. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haien aurka. 2006an fiskalak auzia artxibatzeko eskaera egin zuen, auzipetuei zer leporatu ez zegoela argudiatuz, baina =iEgunkaria auzia=i-k aurrera egin du AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek herri akusazio gisa eginiko eskaera dela-eta. Herri akusazioaren eskaerekin bakarrik, fiskalaren zein akusazio partikularren eskaerarik gabe, epaiketa egitea legezkoa den argitu gabe dago. Auzi ekonomikoan, aldiz, diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi diete zortzi akusatuei, eta hori "delitu terroristarekin" lotu dute. Auzitegi Nazionalean dago horrenbestez auzi hori ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna