Funes, politikari bilakatutako kazetaria

2009ko martxoaren 16a
09:26
Entzun
Duela lau urteko kontua da, gutxi gorabehera; 2005eko martxoaren 5ekoa. Laffitte Fernandez, orduan El Diario de Hoy egunkari salvadortarreko erredakzioko burua, Mauricio Funes kazetaria (San Salvador, 1959ko urriaren 18a) ari zen elkarrizketatzen:

-Eta eskainiko balizute?

-Orain etorriko balitzaizkit esanez, "alkatetzaren baterako edo diputatu izateko hautagaitzat nahi zaitugu", ezetz erantzungo nieke. Kazetaritzarekin nago tematuta. Proiektu bat dut esku artean.

Antonio Safie Canal 21 telebista kateko presidentearekin biltzetik zetorren Funes. Programazioko ordubete erostea proposatu berri zion, azken 14 urtean gidatu zuen elkarrizketa programa berriz ere abian jartzeko. "Enpresari demokratiko baten bila nabil, irabazien aldekoa ez ezik, kazetaritza onaren aldeko apustua ere egiten duen baten bila. Telebistako denbora erosi nahi diot. Horrek bakarrik bermatuko lidake independentzia".

Entzute handiko kazetaria zen, artean. Sari ugari jaso zituen, garrantzitsuena, akaso, Columbiako Unibertsitateak (New York, Ameriketako Estatu Batuak) emandako Mari Moors Cabot Nazioarteko Kazetaritza saria. Ibilbide luzeko profesionala zen, gainera. 1986an heldu zion lanbideari, Tele 10 kate publikoko informatiboetako berriemaile gisa. Ondoren, 1987tik 1991ra Al dia programa gidatu zuen. Lau urte haietan, Legebiltzarra izan zen bere informazio iturria. Urtebetez utzi zuen kazetaritza, UCA Amerika erdialdeko Unibertsitatean ikus-entzunetako saila martxan jartzeko. Eta 1992an itzuli zen, Eguneko elkarrizketa izeneko tartearekin, Canal 12ra. Bost urteren buruan, informatiboetako burua zen.

Handik, etengabe kritikatu zuen agintean zegoen alderdia, Arena Aliantza Errepublikar Nazionalista. 2001ean, esaterako, lurrikaren kalteei aurre egiteko nazioarteko laguntza patrikaratzea leporatu zion Gobernuari. Gisa horretako beste hainbat adierazpenen harira, enpresatik kaleratu zuten 2005eko otsailaren 19an. Lanik gabe zegoen, beraz, Fernandezek elkarrizketa egin zionean. Politikagintzari ekingo zion zurrumurrua ere bazebilen, aurreko urtean bezala. 2004ko presidentetzarako bozetarako FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen hautagai izango zela esan zuten. Schafik Handal gerrilla izandakoaren buruzagi historikoa aurkeztu zen, ordea, azkenean. Eta 2005ean hasia zen jendea berriz ere espekulatzen. "Egun ez dut inolako programa politikorekin bat egiten. Baina ez naiz 'inoiz ez dut halakorik egingo' diotenetakoa. Baldintzak aldatuko balira, akaso...", erantzun zion El Diario de Hoy-ko erredakzioburuari. 2007ko azaroaren 11n biharko bozetarako hautagaitzat aurkeztu zuten FMLNko kideek, gerrillaren azken erasoaren 18. urteurrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.