EkoNOMIA

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk Hego Euskal Herrirako greba orokorra deitu dute maiatzaren 21erako

Sindikatuetako arduradunek jakinarazi dute erabakia gaur, Bilbon elkarrekin emandako prentsaurrekoan. "Enplegu suntsiketa, patronalaren xantaia edota gizarte eta aurrekontu politikarik eza" dira deia egiteko arrazoi nagusiak. "Langileak dira biktima nagusiak, egoera sozial eta ekonomiko horren sortzaileak izan gabe".

Berria -

2009ko martxoak 31
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek maiatzaren 21ean (osteguna) Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deialdia egin dute gaur, Bilboko hotel batean emandako prentsaurrekoan. Sindikatuetako arduradunetakoak izan dira agerraldian: Adolfo Mu˝oz ELAko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Josu Balmaseda ESK-ko bozeramailea, Arantza Fernandez Garaialde EILASeko bozeramailea, Ainhoa Iturbe EHNEko ordezkaria eta Patxi Agirre Hiruko idazkari nagusia. Krisi ekonomikoa dela-eta "enplegu suntsiketa, patronalaren xantaia, gizarte eta aurrekontu politikarik eza eta krisiari aurre egiteko Euskal Herri mailako tresnak" dira deialdiko arrazoi nagusiak, haiek jakinarazi dutenez. "Lan munduak erabateko erantzuna eman behar dio krisiari, langileak baitira biktima nagusiak, egoera sozial eta ekonomiko horren sortzaileak izan gabe". Haien ustez, "patronala krisiaz baliatu da, eta plantillen egituretan doikuntza zorrotza egin gura dute, etekinak orain eta gero ziurtatzearren. Horrela, plantillak txikiagoak izango dira, atomizatuagoak eta babesgabeagoak". Hego Euskal Herriko administrazio publikoen politika "arras liberala" dela iritzi diote ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk, administraziook "kapitalaren eta enpresarien interesen mesedetan" ari direlakoan, "eta egoera ahuleko taldeen beharrizanen eta lehentasunen kaltetan". Erabakiguneak aldatzea ere eskatu dute, "irmoki". Hau da, "politika ekonomiko, sozial eta laboralak Euskal Herrian erabaki daitezela, beti ere langileen interesen zerbitzura". Etxaide LABeko idazkari nagusiak duela aste batzuk beste sindikatuei elkarrekin greba orokorra deitzeko proposamena egin zien. Sei sindikatuok euskal gehiengo sindikala osatzen dutela nabarmendu dute. =bCCOO, UGT eta Patxi Lopez=b CCOO eta UGTrekin ez dute hitz egin, eta ez dute uste bi haiek babestuko dutenik deialdia, "jakin delako zer elkarrizketa sozial mota bultzatzen duten Euskal Herrian eta Espainian". Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza lortu eta aste gutxira izango da greba, baina sindikatuek argitu nahi dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik hasi zirela lanuzteaz hizketan euren artean. PSE-EEren politika ekonomikoa eta soziala kritikatu egin dute, bide batez. Orain gizarte mugimenduen atxikimendua lortzeko ahaleginak egingo dituztela esan dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna