Literatura

Kirmen Uribek eta Xabier Letek jasoko dute Espainiako literatur kritikarien elkartearen saria

Aurrena 'Bilbao-New York-Bilbao' nobelagatik saritu dute eta bigarrena 'Egunsentiaren esku izoztuak' poesia liburuagatik.

Berria -

2009ko apirilak 18
Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia; 1970) eta Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa; 1944) saritu ditu aurten Espainiako literatur kritikarien elkarteak euskarazko arloan, gaur jakinarazi dutenez. Uribe narratiba modalitatean saritu dute, =iBilbao-New York-Bilbao=i (2008, Elkar) nobelagatik eta Lete poeasiakoan, =iEgunsentiaren esku izoztuak=i (2008, Pamiela) poema liburuagatik. Narratiban Pello Lizarralderen, Joxean Agirreren eta I˝igo Aranbarriren azken lanak ere izan dira hautagai. Poesia arloan Leterenak jaso ditu epaimahaiko boto guztiak. Uribek bere lehen nobela liburua du =iBilbao-New York-Bilbao=i. Arrantza munduari buruzko lana da. "Liburu berezia da, duen arkitekturagatik eta duen alde intelektual horregatik eta ez dut uste berez oso liburu erraza denik, baina irakurle arruntak oso harrera ona ari dira egiten. Irakurle bakoitzak bere aldetik ikusten du liburua, hain denez aberatsa. Mosaiko baten modukoa denez, hainbat gai, hainbat hizkuntza... ikusi dituzte, eta hori nahi nuen. Nahi nuen jendeak irakur zezala zatika eta gero gera zedila pentsatzera, eta urrunera begira dezala. Ni oso pozik nago liburuarekin. Mila aldiz jaiota ere, liburu hauxe idatziko nuen. Nahi nuena idatzi dut, eta nahi nuen erara. Eta, gainera, debatea ere sortu da, eta hori oso positiboa da", zioen idazleak BERRIAn joan urtarrilean. Letek, berriz, =iEgunetik-egunera orduen gurpillean=i (1968), =iBigarren poema liburua=i (1974), =iUrrats desbideratuak=i (1981), =iBiziaren ikurrak=i (1992), =iZentzu antzaldatuen poemategia=i (1992) eta =iAbestitzak eta poema kantatuak=i (2006) poema liburuak atera izan ditu aurretik. Azkeneko lanean ohiko gai nagusien errepasoa egin du: bizitza, heriotza, maitasuna, adiskidetasuna, aberria, haustura, edertasuna... "Ez dakit poema onak edo txarrak idatzi ditudan. Baina badakit neure barruko egia agertu dudala, egiatia izan naizela eta hor ez dagoela betelanik, ez dagoela txorakeriarik. Horretaz ziur sentitzen naiz", esan zuen Letek BERRIAn urtarrilean emandako elkarrizketan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna