Atxiloketak

Martitegi, Uriarte eta Azpitarte gaur gauean eramango dituzte Parisera, inkomunikazioa ahal bezainbat luzatu ostean

Larunbat atxilotu zituzten, Ipar Katalunian, ETArekin zerikusia dutelakoan. Pedraz epaileak Piñuel guardia zibilaren hilketa egotzi dio Martitegiri. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atzemandako beste bost lagun Madrilen dauzkate, horiek ere inkomunikatuta.

Berria -

2009ko apirilak 21
Polizia iturrien arabera, Jurdan Martitegi, Alex Uriarte eta Gorka Azpitarte ustezko etakideak gaur gauean eramango dituzte Parisera, Laurence Le Vert epailearen aurrera, inkomunikazioa ahal bezainbat luzatu ondotik. "Paristik datorren agindua da", diote polizia iturriek. Larunbat arratsaldean atzeman zituzten hirurak, Montoriolen (Ipar Katalunia). Montpellierko (Frantzia) polizia etxean dituzte. Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Juan Manuel Pi˝uel guardia zibilaren hilketa egotzi dio Martitegiri. Legutioko (Araba) kuartelaren aurka bonba-furgoneta lehertu zuen ETAk 2008ko maiatzaren 14an eta eztandaren ondorioz hil zen Pi˝uel. Ipar Kataluniako operazio berean atxilotu zituzten larunbatean eta igande goizaldean Sergio Bravo, Asier Ortiz de Ginea, Olaritz Arakama, Igor Garcia, Jonathan Guerra eta Gorka Iriarte, Gasteizen, Otxandion (Bizkaia), Bilbon eta Errenterian (Gipuzkoa). Arakama igandean utzi zuten libre, baldintzarik gabe. Besteek inkomunikatuta jarraitzen dute, Espainiako Poliziaren esku, Madrilen. Konfiantzako mediku batekin egon dira, eta inkomunikazioa grabatu izanen dela ziurtatu diete familiakoei. Baina kezkatuta daude, neurri horiek hartu arren atxilotuek torturak salatu izan dituztelako. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz egin zuten operazioa Frantziako eta Espainiako Poliziak elkarlanean. Ikerketaren iturriak aipatuz, berri agentziek zabaldu zuten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atxilotutako sei lagunek Uriarte buru zuen komando bat osatzen zutela. Ipar Katalunian atxilotuei dagokienez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du lehergai "pixka bat", hiru pistola, dokumentazioa eta material informatikoa harrapatu dietela. Montorioleko operazioan aurkitutako dokumentazioan oinarrituta, Rubalcabak adierazi du ustezko komandoak Patxi Lopezen inbestiduratik hurbil egin nahi zuela atentatua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna