txerri gripea

Bilboko gizonezkoak txerri gripea duen aztertzen segitzen dute

Hala ere, 30 urteko gizonaren egoera ez dela larria adierazi dute eta tratamendua jasotzen ari da. Nafarroan ez dela txerri griperik baieztatu dute adituek. Mexikon 152 dira birusagatik hildako pertsonak baina hogei kasu soilik baieztatu dituzte.

Berria -

2009ko apirilak 28
Txerri gripea Euskal Herrira ere iritsi al da? Bilboko 30 urteko gizonezkoak txerri gripea duen edo ez aztertzen segitzen dute, odol analisiak-eta eginez. Iturri batzuek zabaldu dute positibo eman duela, baina Eusko Jaurlaritzak eta medikuek ez dute baieztatu. Gizonezkoaren egoera ez da larria eta tratamendua hartzen ari da. Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitaleko gela berezi batean dago. Gaixoa Mexikon izan berria da, eta larunbatean joan zen erietxera, sukarrarekin. Nafarroan, berriz, ez dela txerri gripe kasurik baieztatu dute adituek. Eskozian, Espainian eta Herrialde Katalanetan denera bost kasu baieztatu dituzte. OME Osasunerako Mundu Erakundeak alerta egoera 3. mailatik 4.era igotzea erabaki zuten atzo, larrialdiko bilera egin ostean. Horren arabera, frogatua dago birusa gizakitik gizakira kutsatzen dela, eta beraz, baita herrialde osotik zabaltzeko arriskua dagoela ere. Ez, ordea, nazioartera zabaltzeko arriskua. Dena den, adituek ohartarazi dute mugak ixtea ez dela gaitzari aurre egiteko bidea. Europako Batasunak aholkatu du, beharrezkoa ez bada, ez bidaiatzeko "herrialde arriskutsuetara". AEBak eta Mexiko dira oraingoz kasu gehien dituzten herrialdeak. Lehenengoan "osasun publikorako larrialdi egoera" ezarri dute, eta Mexikora ez bidaiatzeko aholkatu. Bigarrenean egoera okerragoa da, izan ere, 152 dira, jada, hildakoak; nahiz eta baieztatutako kasuak hogei izan. Bestalde, hainbat herrialdetan ere hainbat lagun ikertzen ari dira txerri gripea dutelakoan, besteak beste, Hego Korean, Suitzan, Belgikan eta Frantzian. Zeelanda Berrian 11 kasu baieztatu dituzte. AEBetako Gaitzen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak zabaldu du oharra. "Jendeak prest egon behar du egoera larriagoari aurre egiteko", nabarmendu du Richard Besser zentroko zuzendariak. Hildako gehienak gazteak dira, 25 eta 35 urte bitartekoak. Horiei erasaten die gehien A/H1N1 birusak. Baina aurrerapausoak ere egin dituzte. Izan ere, hegazti gripeari aurre egiteko sortutako Tamiflu eta Relenza botikei esker hainbat gaixo sendatu dira. Arazoa da, ordea, A/H1N1 birusak, ohiko gripeak bezala, gaixoak lehendik dituen osasun arazoak larriagotzen dituela, eta garaiz atzeman ezean botikek ez dute balio. Horretaz gain, oraingoz ez dago gizakia birus horretatik babestuko duen txertorik. Horiek hala, Europako Batasuna larrialdiko bilera egitekoa da gaur, izurriaren aurkako neurri bateratuak hartzeko. =bNeurri bereziak=b Mundu guztiko aireportuetan neurri bereziak jarri dituzte martxan. Bidaiariren batek sukarra edo eztula badu berehala osasun zerbitzuei deitzeko aholkatu diete aireportuetako arduradunei, batez ere, bidaiaria Mexikotik iritsi berria bada. Horretaz gain, AEBetan zorroztu egingo dituzte mugetako kontrolak eta txerri gripeari buruzko panfletoak banatuko dituzte bidaiarien artean. Dena den, Barack Obama presidentea herritarrak lasaitzen ahalegindu zen atzo, esanez ez dagoela asaldatzeko arrazoirik, bai, ordea, erne egoteko. Argentinak, berriz, iragarri du murriztu egingo dituela Mexikorako hegaldiak. Gauza bera egingo dute Txile, Kuba, Puerto Rico eta Indiak ere, besteak beste. Hegazkin konpainiek, bestetik, jakinarazi dute ez dietela isunik jarriko hegaldiak baliogabetzen dituztenei. Hainbat herrialdetan, Libano eta Txina kasu, agintariek debekatu egin dute Mexikotik eta Europako Batasunetik txerrikia inportatzea. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, hala ere, ez dago txerrikia janda gaixotzeko arriskurik, behar bezala prestatzen bada -70 graduko tenperaturan-. Egoeraren larritasuna ikusita, Erresuma Batuko GaloxStihKline etxeak jakinarazi du Relenza botikaren 100.000 sorta bidaliko dituela Mexikora, eta produkzioa handitzea aztertzen ari dela. Bestetik, Japoniak iragarri du txerri gripeari aurre egingo dion txertoa ikertzen hasiko dela. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak iragarri du aditu talde bat bidaliko duela Mexikora. Horien lana izango da bermatzera A/H1N1 birusaren aldaera txerrietatik datorrela. Birus hori ohikoa da txerrien artean, eta 1988tik jakina da birusa animalietatik gizakietara pasa daitekeela. Baina 2005ean agertu zen lehen aldiz AEBetan. Hamabi lagun kutsatu ziren orduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna