Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko inbestidura saioa

Lopez aukeratu dute lehendakari eta Ibarretxek politika
utzi du

PSE-EEko idazkari nagusiak 39 boto jaso ditu, EAJko kideak 35. EB abstenitu egin da. Lopezek "garai politiko berrirako" elkarlana eskaini dio EAJri, baina Ibarretxek dio haren gobernua "frontista" izango dela. EAEko Estatutua "legearen barruan biziberritzeko" borondatea agertu du Lopezek, eta "poztu" egin da "indarkeria babesten dutenak" ez daudelako Eusko Legebiltzarrean. "Euskara sustatzeko diru laguntzak ez ditut jaistsiko". EAJko hautagaiak esan du gizartearen gehiengoa abertzalea dela, parlamentua ez bezala. Taldeen hitzaldiak. SOSLAIA. Ibarretxe, iraupen luzeko korrikalaria (2009-03-02)
Goi-goiko argazkian, Patxi Lopez -ezkerrean-, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Beheko irudian, Juan Jose Ibarretxe, ganberan, gaur.
Goi-goiko argazkian, Patxi Lopez -ezkerrean-, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Beheko irudian, Juan Jose Ibarretxe, ganberan, gaur. / Argazki Press

Berria -

2009ko maiatzak 5
Bi albiste garrantzitsu gertatu dira gaur arratsaldean Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean: Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia izendatu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari -beti EAJko kidea izan da bertako buru- eta Juan Jose Ibarretxek politika utzi duela jakinarazi du. Egun historikoa, inondik inora. Emaitza jakin bezain laster Ibarretxe lehendakari berriarengana joan da, zorionak ematera. Lopezek gehiengo osoa lortu du, lehen bozketan: PSEren (25 parlamentari), PPren (13) eta UPDren (1) 39 boto. EAJk Ibarretxe aurkeztu du lehendakarigai eta 35 boto lortu ditu honek: EAJko 30, Aralarreko 4 eta EAko 1. EB abstenitu egin da. Ezker abertzalea ez dago Eusko Legebiltzarrean, Espainiako Justiziak baliogabe utzi zuelako martxoaren 1eko hauteskundeetarako -bozetan 100.000 boto lortu zituen-. Ibarretxek 19:05ean jakinarazi du politika utzi duela, bozketa egin aurretik eta alderdikideei eta gobernukideei eskerrak eman ondoren. "Nire bizitzan aro berri bat hasiko dudala esan nahi dizuet. Hemen hasi nintzen politikari bezala eta hemen bukatu dut. Agur". Hala esan du, Eusko Legebiltzarrean, jakinda ez dutela berriro hautatuko Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Hura izan da kargu horretan 1999tik. Aurretik parlamentari, kontseilari eta lehendakariorde izan zen. Laudioko (Araba) alkate ere izan zen eta Arabako Foru Aldundian ere izan zuen kargurik. =bEAJri lankidetza proposamena Lopezek=b PPren babesa izan arren, Lopezek bere hitzaldian azpimarratu du EAJren elkarlana ere nahi duela legealdi honetan. "Izan ere, nire gobernua ez da frontista izango". Bide batez, EAJri "arduraz" jokatzeko eskatu dio. Ibarretxek, ordea, "frontista" izatea egotzi dio Lopezek eratu nahi duen gobernuari, eta legebiltzarreko gehiengoak ez diola erantzuten gizartearen gehiengo soziologikoari, "honek abertzalea izaten segitzen baitu", EAJko lehendakarigaiaren ustez. Bere alderdiak "itxaropena lideratzen" segituko duela hitz eman du. 9:30ean hasi da inbestidura saioa, Gasteizen, eta goizean Lopezek eta Ibarretxek hitz egin dute, orden horretan. Aurrenak ordubete eta hogei minutuko hitzaldia egin du; euskaraz ia-ia batere ez da aritu. Ibarretxe 11:00etan hasi da eta antzera iraun du haren hitzaldiak; gehiago egin du euskaraz. 15:30ean ekin diote berriro inbestidura saioari, taldeen hitzaldiak izan dira eta haien saioa 18:25ean bukatu da. Gero Lopezen eta Ibarretxeren txanda izan da berriro, eta 19:10etatik aurrera 19:50era taldeak aritu dira. 20:07etan hasi dute bozketa, ahoz, eta 20:15ean bukatu dute. Arantza Quiroga (PP) Legebiltzarreko presidenteak jakinarazi du ofizialki emaitza orduan.
=bPATXI LOPEZEN HITZALDIA=b =bEAEko Estatutua=b - "Gernikako Estatutuak egonkortasun handia eman digu. Eta nik, lehendakari bezala, egingo dudan lehen gauza, hura defenditzea izango da. - Estatutuak segitzen du gure bilgune izaten. Elkarbizitzako esparrua da. - Ez dut nahi egitasmo zatikatzailerik, ez dut nahi abenturarik. - Jasotzeko falta diren eskumenez hitz egingo dut Espainiako Gobernuarekin, eta Estatutua indartzeko Legebiltzarreko taldeekin mintzatuko naiz. - Estatutua biziberritzen saiatuko naiz, legearen barruan. Ez dut frustraziorik salduko”. =bBakea=b - "Pozten naiz indarkeria babesten dutenak ez daudelako Eusko Legebiltzarrean. Euskal gizartea islatzen du parlamentu honek. - Ideia denak defendi daitezke hemen, joko arauak segituz gero, indarkeria babestu gabe. - Demokratok bat eginda egon behar dugu terrorismoaren aurka. - ETA behin ere baino ahulago dago, eta haren aurka segituko dugu, ahal den gehien egiten. - Indarkeriari zilegitasuna kentzen ere saiatuko gara, batik bat hezkuntzan eta hedabideetan. - Bakea irabazi egin behar da, baina prezio politikorik ordaindu gabe. - ETAk eragindako biktimak beti izango ditugu gogoan". =bKrisi ekonomikoa=b - "Krisia globala da, aurrekaririk gabea. Baina Jaurlaritzak gauzak egin ditzake, eta egingo ditugu. - Lehendabizi, diagnostikoa egingo dugu. Barne eskaera ez erortzeko neurriak hartuko ditugu, enplegua sortzeko politika aktiboak sustatuko ditugu, zerbitzu publikoak ahaztu gabe. - Denon elkarlana beharko da, eta gizarte eragileekin elkarrizketa iraunkorra izango dut. Laster deituko dut mahai soziala. Herria egin behar dugu, - Maiatzaren 21eko greba deialdia berriro aztertzeko eskatzen diet sindikatuei. Elkarrizketa agortu beharra dago, eta ez dago oraindik agortuta. - Ez dut eskubide sozialik murriztuko. Gizarte ituna zabaldu egingo dut. - Enplegu eskumena izateko, Espainiako Gobernuarekin hitz egingo dut". =bHizkuntza=b - "Euskadin bi hizkuntza daude: euskara eta gaztelera. Ez dut inor baztertu nahi. Euskara ikasi nahi dutenek laguntza izango dute, besteen askatasuna bermatuta. - Euskara sustatzeko diru laguntzak ez ditut jaistsiko. - Adostasun zabala lortu nahi dut; batik bat, EITBn, plurala eta kalitatekoa izateko". =bKultura=b - "Euskararen Aholku Kontseiluaren funtzioak zabalduko ditugu. - Kultura Ekintza Plana egitea agintzen dut. - Euskal Kulturaren Kongresua antolatuko dugu (bi hizkuntzen ordezkariak bilduko dituena)". =bBesterik=b - "Hezkuntzan, euskal curriculuma dela-eta onartutakoa bertan behera utziko dugu. - Genero indarkeriaren kontrako zuzendaritza sortuko du Herrizaingo Sailean. Emakumeen diskriminazioa bukatu beharra dugu". - Ingurumenean, aldaketa klimatikoaren aurkako politikak bultzatuko ditugu, legea sortuta, udalekin elkarlanean arituz. - Etxebizitza, eskubidea da. Babes ofizialeko 40.000 egiteko konpromisoa dugu, alokairuko 16.000, eta etxeak berritzeko ere bai". =bJUAN JOSE IBARRETXEREN HITZALDIA=b =bEgoeraren irakurketa=b - "Gaurko inbestidura saioa ez da Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko bakarrik. Gobernu proiektuari buruzkoa ere bada, eta PSE-EEk ez du gobernu programarik, Lopezek bere hitzaldian ez duelako erakutsi. PSEk eta PPk 38 boto dituzte hausteko [lehendakaria hautatzeko], baina gaurtik aurrera PSEk 25 boto baino ez ditu eraikitzeko. - Lopezen gobernua ez da ziurra, ez du bermerik, ez du konfiantzarik ematen, ez da egonkorra. - Euskal gizarteak hauteskundeetan EAJri eman zion babesik handiena. PSEri baino 80.000 boto gehiago, eta guk segituko dugu itxaropena lideratzen, foru aldundietatik eta udaletatik. - Gizarte honen gehiengo soziologikoak abertzalea izaten segitzen du, nahiz eta legebiltzar hau ez den hala. Baina jakina da parlamentu hau legeen bidez moztutakoa da. - PSEren gobernua ez da zeharkakoa izango, frontista baizik. PSEk eta PPk estatu akordioa egin dute, Espainiako interesak segituta eta euskal gizarteari bizkar emanda". =bEAJren programa=b - "Nahiz eta ez dugun lehendakaritza lortuko, ez dugu gure proiektua baztertuko. Gure egitasmoa aurrera begirakoa da, azken batean jendea hobeto bizitzeko, eta bost ardatz ditu: - 1. Enplegua defenditzea. Legealdi honen bukaeran langabezia %5 azpitik egoteko. Berrikuntzan sakondu behar da besteak beste, Euskadiren bigarren eraldaketarako. Turismoa %20 handitu nahi dugu. - 2. Pertsonentzat gobernatzea. Giza garapen iraunkorra nahi dugu, politika humanista garatzea. Osasun arloan, Europako erreferente izan nahi dugu. Etxebizitzan, jendearen beharrizanez erantzun, alokairu etxeetan apustua eginda, etxeak berrituta... Familia laguntzeko plan berria proposatuko dugu. Genero berdintasuna sustatuko dugu, munduan Euskadi bost aurrenetan izateko. - 3. Nortasun kulturala indartzea. Mundura irekita egon behar dugu, eta euskara, hezkuntza eta kultura dira ardatzak. Euskara da gure hizkuntza. Oraindik hizkuntza gutxitua da eta normalizazio politikak behar ditu. Hau da erronka nagusia: ezagutzatik erabilerara pasatzea. Hezkuntzan, Euskal Hezkuntza Legea onartu nahi ditu eta Kulturan Euskal Plan Integrala. - 4. Autogobernua eta erabaki eskubidea. 30 urtean bete gabe dago EAEko Estatutua, PSOE eta PPgatik. 36 eskumen falta dira. Horiek izatea nahi dugu. Baita erabaki eskubidea ere. Azken batean, Espainiako Estatuarekin harreman eredu berria behar da, hemen oinarrituta: erabaki eskubidea, erabateko autogobernua, herri honen aitortza lortu eta euskal lurraldeen borondatea errespetatu, harreman bitarikoa eta betorik gabekoa, eta Euskadiren presentzia Europan eta munduan. - 5. Bakea. Indarkeriari elkarrizketa bidez eman behar zaio bukaera, baldin eta ETAk desagertzeko borondatea agertzen badu. Bakearen bila huts egin dezakegu baina ez etsi. Indarkeriari zilegitasuna kendu behar zaio, biktimei elkartasuna adierazi, eskubide zibil eta politikoak defenditu, Egiaren Batzordea sortu (frankismoko eta trantsizioko urraketak ikertzeko)".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna