Politika

Espainiako Gobernuak eta Fiskaltzak inpugnatu egin dute Iniciativa Internacionalista

Estatuaren Abokatuaren arabera, Batasunaren oinordekoa da eta "Alfonso Sastre zerrendaburua da ETAk botoemaileen aurrean hautatutako amua". Fiskaltzak dio ezker abertzaleko kargu publikoek euren sinaduraren bitartez hautagaitza babestu dutela. Espainiako Auzitegi Gorenak etzira arteko epea dauka erabakia hartzeko.

Berria -

2009ko maiatzak 14
Iniciativa Internacionalista-La Solidaridad Entre Los Pueblos Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaitza inpugnatu dute gaur Espainiako Gobernuak -Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuaren Abokatuaren bitartez- eta Fiskaltzak. Espainiako Auzitegi Gorenean sartu dute inpugnazioa, eta honek larunbatera arteko epea dauka erabakia hartzeko. Batasuna alderdi politikoa legez kanpo utzi zuen sententzia oinarritu da Estatuaren Abokatua, eta Iniciativa Internacionalista haren oinordekoa dela dio. Estatuko segurtasun indarrek azken egunotan bidalitako txostenetan hautagaitza horren eta ezker abertzalearen artean "lotura asko" atzeman dituelako hartu du Espainiako Gobernuak neurria. Estatuko segurtasun indarrek aurkeztutako "frogen" artean bat nabarmendu zuten: Alfonso Sastre (80 urte) Iniciativa Internacionalistako zerrendaburua. Euskal Herrian bizi den idazlea, 2008ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Senaturako ANVren Gipuzkoako zerrendan aurkeztu zen, hirugarren tokian. Estatuaren Abokatuak esan du Sastre dela "ETAk botoemaileen aurrean hautatutako amua". Sastrek iragarria du "modu sinbolikoan" agertu dela zerrendaburu gisa, europarlamentari hautatuko balute erretiratu egingo litzatekeelako; Doris Benegas zerrendako bigarrenak eta Izquierda Castellanako (Espainia) kideak hartuko luke aulkia. Estatuaren Abokatuaren ustez, Izquierda Castellanak ere loturak ditu Batasunarekin, "lankidetza estrategikoa eta operatiboa du". Carlo Fabretti, Angeles Maestro eta Francisco Javier Belarra zerrendakideek ere Batasunarekin harremana dutela dio Joaquin de Fuentes Bardajik. Fiskaltzaren arabera, Batasunak "kontrolatzen" du hautagaitza hori, "infiltratuen" bitartez; hori dela-eta, Batasuna legez kanpo utzi zuen sententzia aplikatzeko eskatu du Fiskaltzak ere. "Kontrol" hori Iniciativa Internacionalistako eta ezker abertzaleko hainbat kideren arteko harreman pertsonaletan oinarrituta dago. Hautagaitza legez kanpo uzteko "zailtasun juridikoak" daudela aitortu du Fiskaltzak. Legezkoak diren hainbat alderdik parte hartzen dute koalizioan. Goreneko 61eko salako magistratuek hartuko dute erabakia. Ondoren, babes helegitea aurkez dezake defentsak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Maiatzaren 22an hasiko da hauteskunde kanpaina; ordurako erabaki beharko luke. Hauteskundeak ekainaren 7an izango dira. =b"Informazio intoxikazioa"=b Hautagaitza erregistratzeko, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako 50 kargu publikoren baino gehiagoren babesa jaso du ekimenak. Berri agentzien arabera, PSOEko, PPko eta IUko zinegotziena ere bai tartean. Baina Iniciativa Internacionalista eta ezker abertzalearen arteko "loturaren" inguruko susmoak zabaldu direnean, berri agentziek diotenez, babes hori erretiratu egin dute alderdi horietako zinegotziek eta haien ordez ezker abertzaleko zinegotziek sinatu dute. Iniciativa Internacionalistako hautagaitza Hauteskunde Batzordean erregistratu zuten maiatzaren 4an. "Kriminalizazioa" eta "informazio intoxikazio kanpaina basatia" ikusita, Iniciativa Internacionalistako kideek agerraldia egin zuten Donostian. Informazio horiek "gerora etor daitekeen edozein legez kanporatze saio justifikatzeko" direla salatu zuten. Nolanahi, Europako bozetan egongo direla azpimarratu zuten. Izan ere, hauteskundeetan parte hartzeko legeak zehazten dituen izapide guztiak bete dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna