atentatua

ETAk Espainiako Poliziaren Bizkaiko informazio inspektore burua hil du

Eduardo Antonio Puelles Garcia da hildakoa. Arrigorriagan gertatu da eztanda 09:05 inguruan, auto azpian jarritako bonba-lapa lehertarazita. ETAren azken hildakoa Inazio Uria Azpeitiko enpresaburua izan zen. Iazko abenduaren 3an hil zuen.

Berria -

2009ko ekainak 19
09:05 inguruan ustez ETAk auto batean jarritako bonba-lapak eztanda egin du Arrigorriagan (Bizkaia). 49 urteko Eduardo Antonio Puelles Garcia Espainiako Poliziaren Bizkaiko informazio zerbitzuetako inspektore burua hil dute, auto azpian jarritako bonba-lapa batekin. Kilo eta erdi eta bi kilo arteko lehergaiez osatuta zegoen bonba, Ertzaintzaren arabera. Hildakoak autoa martxan jarri duenean eztanda egin du lehergailuak. Santa Isabel auzoko Olatxu kalean dagoen aparkaleku batean gertatu da leherketa. Hildakoa Barakaldokoa (Bizkaia) zen jaiotzez, baina Arrigorriagan bizi zen emaztea eta bi semeekin. Eztandaren unean bakarrik zegoen. Emaztea eta bi seme-alabak Basurtuko ospitalera eraman dituzte antsietate zantzuekin. Medikuek hobera egin dutela adierazi dute. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria atentatuaren lekuan izan da, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Barne sailburuarekin batera. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroa ere Arrigorriagan da. Lopez lehendakari izendatu zutenetik atentatuan ETAk hiltzen duen lehen pertsona da Puelles Garcia. ETAren azken hildakoa Inazio Uria izan zen. Iazko abenduaren 3an hil zuen Azpeitiko (Gipuzkoa) Loiola auzoan. Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa zen, AHTaren lanetan ari zen enpresa hori. Uriak =iiraultza zerga=i deiturikoa ez zuen ordaintzen. ETAk zerga hori ez ordaintzeagatik hil izan ditu enpresaburuak. Sei hilabete igaro dira ETAk Uria enpresaria hil zuenetik. Hildakorik gabeko tarterik luzeenetako bat ETA atentatu hilgarriak egiten hasi zenetik. 2003an egin zuen ETAk azken atentatua Espainiako Poliziaren aurka; orduan, Bonifacio Martin Hernando eta Julian Envit Luna hil zituen Zangotzan (Nafarroa). ETAk maiatzaren 25ean =iGara=i egunkarian emandako =lelkarrizketa==http://paperekoa.berria.info/harian/2009-05-26/008/005/ETAk_uda_baino_lehen_amaituko_du_barne_hausnarketa_estrategikoa.htm=l batean, barne gogoeta estrategikoa egiten ari zela jakinarazi zuen eta hori uda baino lehen amaituko zuela. Uda igandean hasiko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna