mundua

Greba orokorrerako deia egin dute Zelayaren jarraitzaileek

Hondurasko armadak estatu kolpea eman eta Zelaya presidentea herrialdetik kanporatu du. Atzo, herri galdeketa egitekoak ziren eta baiezkoa gailentzen bazen, Hondurasko Konstituzioa moldatu eta Zelaya presidentetzara berriro aurkezteko aukera izango zuen. Roberto Micheletti izendatu du Kongresuak presidente.

Berria -

2009ko ekainak 29
Honduras krisi larrian dago. Izan ere, atzo, herri galdeketa egitekoak ziren, baina Hondurasko armadak galdeketaren aurretik estatu kolpea eman zuen, Zelaya presidentea kargugabetu eta herrialdetik Costa Ricara kanporatu zuen, nahiz eta Nikaraguara joan berri den. Horren aurrean, Zelayaren jarraitzaileak Tegucigalpa hiriburuan protestak egiten ari dira eta greba orokorrerako deia egin dute. Kongresuak izendatu berri duen presidente Roberto Michelettik, berriz, etxeratze-agindua ezarri du datozen 48 orduetarako. Agindu hori luzatu dezakeela jakinarazi du. Nazioartetik ere iritsi dira estatu kolpearen aurkako erreakzioak. Nazio Batuen Erakundeak gaitzetsi egin du armadaren jarrera. "Demokratikoki hautatutako ordezkariak" karguetara itzultzea eta "giza eskubideak errespetatzeko" eskatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Zelayak "bahiketa izugarri" baten biktima izan dela adierazi du, "bere etxetik indarrez atera" zuelako armadak. Zelayak berretsi du Hondurasko presidentea izaten jarraitzen duela eta herrialdera itzuliko dela, karguan jarraitzeko. Nikaraguan harrera ona egin diote Zelayari. Besteak beste, Hugo Chavez Venezuelako presidenteak, Rafael Correa Ecuadorko presidenteak eta Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak babestu dute. Datozen orduetan Zelayak Ameriketarako Alternatiba Bolivartarra erakundeko kideeen goi bileran (ALBA) parte hartuko du. =bHerri galdeketaren xedea=b Atzo egitekoak ziren herri galdeketa horretan, azaroaren 29an presidentea, diputatuak eta udaletxeetako osaera erabakitzeko egitekoak ziren. Erreferenduma horretan baietza gailenduz gero, beste boto-paper bat ere, laugarrena, bete beharko zuten hauteslekuetara joaten zirenek. 1982tik indarrean dagoen Konstituzioa erreformatzea litzateke batzar horren ardura. Konstituzioa moldatuz gero, Zelaya beste behin aurkeztu ahalko litzateke bozetara. Indarrean dagoen legediaren arabera, datorren urtarrilaren 27an utzi behar du agintea Zelayak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna