MunDUA

140 lagun hil dira Txinan uigurren protestetan

Xinjiang eskualdean izan dira borrokak uigur eta han etnien artean, Txinako ipar-mendebaldean. Uigurrek independentzia eskatzen dute, eta Poliziaren jokabidearen aurka oldartu dira.

Berria -

2009ko uztailak 6
Gutxienez 140 pertsona hil dira Txinan uigurren Xinjiang eskualdean -Txinako ipar-mendebaldea- egindako protestetan. 800 lagun pasa zauritu egin dira eta Txinako Poliziak beste ehunka atxilotu egin ditu, iturri ofizialen arabera. Poliziek dio 261 ibilgailu erre dituztela uigurrek, eta 203 saltoki eta hamalau etxebizitza suntsitu dituztela. Uigurrek atzo hasi zituzten ekimenak; euren arabera, "modu baketsuan". Urumqi hirian izan dira protestak, eta medikuek jakinarazi dute hildakoen artean uigur eta han etnietako kideak daudela. Han da Txinako etnia nagusia. Xinjiang eskualdean, ordea, erdiak uigurrak dira -hogei milioi lagunetik bederatzi-, eta independentzia eskatzen dute. Txinako Poliziak aurten ere hainbat uigur hil ditu, eta jokabide horren aurka oldartu egin dira. =bHistoria=b Txinak ez ditu betetzen uigurren herri eskubideak, kulturari lotutakoetatik hasita. Uigurrak turkiarren jatorri berekoak dira. Ekialdeko otomandar inperiotik, baina, 774. urtean askatu ziren, eta lurralde zabalagoetara hedatu ziren 840. urtean. Ekialdeko Turkestan -gaurko Xinjiang- eta Gansu erresumak sortu zituzten handik gutxira. Txinak geroago hartu zituen menpean. Mantxuen dinastia jabetu zen uigurren lurraldeez 1759an. Matxinadak, baina, berehala hasi zituzten uigurrek; horietatik luzeena 1864. eta 1877. urteen artekoa izan zen. Ekialdeko Turkestan eskuratzeko saioak egin zituen 1881 eta 1884an Errusiako inperioak. Txinak egitasmo horiei aurre egiteko eskualde berria eratu zuen: Xinjiang -Lurralde berria- . Txinako Quing dinastia 1911n hondoratu zen. Xinjiang independentziarako bidean jarri zen. Gobernu autonomoa hogei bat urte lehenago lortu zuten, baina 1933. urtean errepublika aldarrikatu zuten: Ekialdeko Turkestango Errepublika. Sobiet Batasunak indarrez galarazi zituen uigurren askatasun asmoak. Txinako gerra zibilean (1944-1949), berriz, uigurrek erkidego autonomo bat aldarrikatu zuten Yininen -Kuomintang gobernu nazionalistaren oniritzia izan zuten-. Komunistek 1949an boterea eskuratu zutenetik, uigurren aurkako jazarpenak ez du etenik izan. Matxinadak egin dituzte uigurrek, 1954 eta 1997. urteetan bereziki. Uigurrak musulmanak dira, eta 2001eko irailaren 11ko erasoak aitzakiatzat hartu zituzten uigurren askatasun asmoak terrorismoaren kontrako borrokarekin nahasteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna