Internet

“Euskal kultura kanpokoentzat ere erakargarri egin behar da Interneten”

'Boing boing' blogaz nahiz Interneten baliabideez mintzatu da Cory Doctorow idazlea eta aditua Donostian.

Leire Aramendi -

2009ko uztailak 29
“Birusen moduan pentsatu behar dugu: erakargarria izan dadin baita kanpokoentzat ere. Hori lortzeko, nola zabaldu gure lanak?”. Hausnarketa hori egin behar dela adierazi du Cory Doctorow =iBoing Boing=i blogeko editore, idazle eta Interneteko adituak Donostian. “Garai batean, gure hizkuntza babesteko kanpokoa kanpoan uzten saiatzen ginen”. XXI. mendean, berriz, kanpotik datorrena gure hizkuntzara egokitzea garrantzitsua dela adierazi du. Euskarak eta eremu urriko hizkuntzek globalizazioaren eta teknologia berrien abantailak aprobetxatu behar dituztela, alegia; “euskal kultura kanpokoentzat ere erakargarri izan dadin Interneten”. Donostiako Tabakaleran egin ditu Cory Doctorowk adierazpen horiek, blogari euskaldunekin egindako topaketan. Gipuzkoa 2.0 ekimenaren aurkezpenera etorri da Donostiara, Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta. Topaketa zuzenean jarraitu ahal izan zen =lsustatu.com==http://www.sustatu.com=l webgunearen bidez. Gainera, idazlearen hitzaldia ere sareratuko dute orri berean, lau hizkuntzatan. Egunero sareratzen diren milaka edukiren artean, jendea erakarri, eta “gurean klik egiteko” titulu “erakargarriak” egitearen garrantzia azpimarratu zuen. Gainera, tituluak “mamitsua” izan behar duela dio, eta informazioaren edukia laburbiltzeko gai izan. Alde horretatik, prentsa idatziarekin desberdindu behar da sarerako idazten dena. “Prentsa idatzian testuinguru bat dago, Interneten ez dagoena”. Hori dela eta, edukiaren muina jasotzea garrantzitsua da, “irakurleak informazioa interesatzen zaion ikus dezan”. Horrela, jendeari bilaketa errazten zaio. Gainera, erabiltzaileak sarean klik egiteko aukera ugari dituenez, “jendeak zer nahi duen jakin behar da, eta erraz irakurtzeko testuak egin”. Bestalde, sareratzen den informazio hori gero “erreproduzitu” egingo dela kontuan hartu behar dela azaldu du =iBoing boing=i blogeko editoreak. “Horiek jendeak bere blogetara eramango ditu, ikerketak egiteko baliatuko ditu eta abar”. Izan ere, copyright-aren kritikari zorrotza da Doctorow. Zientzia fikziozko edukien idazlea da, eta Creative Common Non-commercial lizentziarekin banatzen ditu bere lanak. Edonork ezin du haren liburuen edizio librerik egin, baina nahi duenak kopiatu edo erabil ditzake. Alde horretatik, AP berri agentziaren jarrera kritikatu du, agentzia horrek webgunean dituen edukiei linkak jartzea kobratu egin nahi baitu. Datu bat ere eman zuen, “50.000 milioi gastatu zituen APk blogek beren testuak kopiatu ez zitzaten”. =b“Menpekotasunik gabe”=b Ingelesezko blog ezagunetarikoa da Cory Doctorowk parte hartzen duen =iBoing Boing=i. 1988an sortu zen papereko fanzine gisa, baina, 1995ean, webgune bihurtu, eta, 2000. urtean, blog gisa argitaratzen hasi zen. Orain blogak hiltzen ari ote diren galderari erantzunez, gauzak ez direla “hiltzen” uste du adituak, “eraldatu” egiten direla baizik. “Etorkizunak ipiniko du gauza bakoitza bere tokian”. Prentsa idatziaren inguruan, sarearen abantailak aipatu ditu. “Kazetaritza tradizionalean, kazetariak iragarleetan pentsatzen du. Iragarlearen nahiak ase behar ditu. Guk, berriz, idazten duguna jendearen interesekoa izatea begiratzen dugu”. =iBoing boing=i fanzine izatetik, Internetera jauzia eman zuenean, “diru gutxirekin” egin zitekeela nabarmendu du. Horren ondorioz, publizitateak dakarren menpekotasuna jaitsi egiten dela. Haiek gustura daude horrela, ez baitute nahi publizistek erabakitzea euren edukiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna