politika

Jose Mari Agirre Kutxako presidenteordea izandakoa hil da Panticosan

Oreka galdu ostean, amildegi batetik behera jausi eta harri baten kontra buruan kolpea jota zendu zen, atzo. Ibarretxe lehendakari zenean Kultura sailburuordea izan zen Agirre, besteak beste. Gorpua arratsaldean eraman dute Tolosako tanatoriora.
Jose Mari Agirre, artxiboko irudian.
Jose Mari Agirre, artxiboko irudian.

Berria -

2009ko abuztuak 11
Jose Mari Agirre "Txato" (Ataun, Gipuzkoa; 65 urte) hil zen atzo Panticosan (Huesca, Espainia) mendi istripua izan ostean. Hiru lagunekin zegoen ezbeharra jazo zenean. Oreka galdu eta amildegi batetik behera jausi zen Agirre, harri baten kontra buruan kolpea jo eta han zendu zen. Hilotza Jacako ospitalera (Espainia) eraman zuten atzo eta gaur autopsia egin diote. Tolosan (Gipuzkoa) bizi zen Agirre eta bihar hango San Frantzisko elizan egingo dute hileta elizkizuna. Gorpua Tolosako tanatorioan dago. Ekonomian lizentziaduna zen. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agintaldian, ekonomia gaietan aholkularia izan zen aurtengo martxora bitarte. Mari Karmen Garmendia Kultura sailburua zela, sailburuorde kargua bete zuen Agirrek. Batik bat kirol arloaz arduratu zen. Imanol Murua diputatu nagusi zenean, Gipuzkoako Diputazioan Ekonomia diputatu kargua bete zuen. Harrez geroztik, Imanol Murua eta Jose Mari Agirre oso lagun minak egin ziren, haien hitzetan "bikiak gara" esateraino. Murua 2008ko maiatzean hil zen. Kutxako presidenteordea eta Euskal Estatistika Institutuko (EUSTAT) zuzendaria ere izan zen Agirre, baita Tolosako Udaleko zinegotzia ere, EAJrekin. Tolosan 90eko hamarkadan eratu zen Galtzaundi forumaren sortzaileetako bat izan zen. ETAko kidea izan zen, baina horren barruan izandako zatiketa historikoetatik kanpo geratu zen. 1968an Bruselara (Belgika) egin zuen ihes, Donostiako seminarioan ikasketak egiten ari zenean. Lovainan (Belgika) egin zituen ekonomia ikasketak. 1976. urtean itzuli zen Belgikako erbestetik Euskal Herrira. ETAko kide zela, =iSaioak=i pentsamendu politikoko aldizkariak ordezkatzen zuen linea estrategikoarekin egin zuen bat. 1977an Euskadiko Ezkerrako kide egin zen, baina alderdi horren zatiketa 1991n gertatu zenean (batzuk Euskal Ezkerra (EuE) sortu zuten, eta beste batzuek PSEn sartu ziren, PSE-EE sortuz), Agirrek ez zuen parte hartu sortutako inongo alderditan. Handik denbora batera, EAJan afiliatua zen. Gipuzkoa Buru Batzarreko kide izan zen, eta Joseba Egibarren ildoaren jarraitzailea zen. Oso kirolzalea zen Agirre, mendia oso gustoko zuen eta parapentean eta eskian ere ibilia zen. Duela urte batzuk, parapentea egiten ari zela istripua izan zuen Txindoki mendiko maldetan (Gipuzkoa). Bertsoak gustuko zituen, baita horien hitzak idaztea ere. Imanol Lartzabalen hainbat kanturen letrak berak idatzi zituen, batik bat kantariaren hasierako garaietakoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna