muNDUA

Ehunka lagun lokatz azpian harrapatuta daude Taiwanen, tifoiaren ondorioz

Jada hirurehun lagun erreskatatu dituzte suhiltzaileek. Japonian 6,5 graduko lurrikara izan da.

Berria -

2009ko abuztuak 11
Gogor astintzen ari da =iMorakot=i tifoia Asia. Taiwanen ehunka lagun daude lohi azpian harrapatuta, 700 inguru hango Gobernuaren arabera. Erreskate zerbitzuak eta suhiltzaileak etengabe lanean ari dira lokatz azpian daudenak ateratzeko lanetan, jada hirurehun lagun inguru bizirik atera dituzte. Kalte materialak ere handiak izan dira. Nekazaritza Kontseiluak emandako datuen arabera, galerak oso handiak dira: ereindako lur sailen laurdenak ez du ezertarako balio. Horrek oinarrizko elikagaien prezioen igoera ekarriko duela uste dute adituek. =bTxina eta Japonia=b Uste baino indartsuago heldu da =iMorakot=i Taiwanera. Azken hamar urteetan uharte horretako eraikinek jasan duten kolpe handiena izan dute. Izandako uholdeak azken 50 urteotako larrienak izan dira. Txinako Gobernua tifoia kontinentera heldu aurretik ohartu da horretaz. Hori dela eta, badaezpadako neurriak jarri ditu martxan. Milioi bat lagun ebakuatu ditu; eta, horri esker, segur aski, ez ditu =iMorakot=i-ek hainbeste kalte eragin. Hala ere, haur bat hil da uholdeen ondorioz. Taiwandik Txinarako bidea hartu duen tifoi hori, alabaina, ez da Asiako ekialdea jo duen bakarra izan. Izan ere, =iEtau=i tifoiaren ondorioz, gutxienez hamar lagun hil dira Japonian. Gainera, 48 orduan bigarremez lurrikara bortitza izan da irlan, Ritcher eskalan 6,5 gradukoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna