politika

Javier Caño EAko kide historikoa hil da

Eusko Jaurlaritzan kontseilari izan zen Lehendakaritza, Lan eta Justizia sailetan.
Javier Caño.
Javier Caño. / Argazki Press

Berria -

2009ko irailak 10
Javier Caño Moreno EAko kide historikoetakoa eta eusko legebiltzarkide izandakoa hil da gaur. Barakaldon sortu zen (Bizkaia), 1943an. EAn zuzendaritzan parte hartu izan zuen, formazio alorrean-eta ardura hartuta. 2006an EAko Alkartasuna Fundazioko lehendakari izendatu zuten. "Estatutua erabiliz hemen egunero autodeterminatzen ari garela entzun izan dut, autodeterminazioaren esanahia desitxuratzeko. Formazio minimo bat duen edonork badaki horrek ez duela zerikusirik autodeterminazioarekin. Hori dioenak esanahia desitxuratu nahi du interes politiko batzuen arabera. Beraz, ez dago soberan fundazio batek kontzeptuen esanahiak argitzea. Horretarako, hitzaldiak egin, ikerketa bekak abiatu eta hausnarketa guneak sortzeko asmoa dugu", zioen BERRIAn maiatzean. 1979-1980an Euskal Kontseilu Nagusiko idazkaria izan zen, eta 1980-1985ean Eusko Jaurlaritzan hartu zuen parte, Lehendakaritza eta Lan sailetan, lehendakari Carlos Garaikoetxea zela, EAJko kide gisa. Gero EAra pasatu zen. 1986-1990 artean Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen eta 1991n Justizia kontseilari izendatu zuten. Zuzenbidea ikasi zuen, eta 1997-1999 artean Deustuko Unibertsitateko dekanoa izan zen Zuzenbide Fakultatean. Hainbat lan idatzitakoa da foruez eta eskubide historikoez; adibidez, =lNacionalismo, autodeterminación e independencia==http://www.gazteabertzaleak.org/fitxategiak/canoerd.pdf=l. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak adierazi du "Euskal Herriarekiko konpromisoa" agertu zuela Cañok, "Garaikoetxea lehendakariarekin batera Euskadiren autogobernuaren zimendua jarri zuelako". Bihar izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Getxon (Bizkaia), Areetan, 19:00etatik aurrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna