KRONOLOGIA. Ezker abertzalearen aurkako polizia operazioak

2009ko urriaren 16a
18:44
Entzun
1997ko otsaila. Herri Batasunaren Mahai Nazionala atxilotu zuten Alternatiba Demokratikoaren bideoa zabaltzeagatik.

2007ko ekainaren 8a. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea atxilotu zuten, Jose Miguel Beñaran Argala-ren omenaldian parte hartu eta "terrorismoa goratzea" egotzita. 15 hilabetean eduki zuten preso, iazko abuztuaren bukaera arte.

2007ko urriaren 2a. Joseba Alvarez Batasuneko kidea eta Oihana Agirre Askatasuneko kidea atxilotu zituzten Donostian. Irailaren 9an Donostian euskal presoen alde egindako manifestazioan parte-hartzea eta delitu jarraitua egitea leporatu zien Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak. ETAko kide izatea leporatuta espetxeratu egin zituen biak urriaren 5ean.

2007ko urriaren 4a. Ordura arte Batasunaren aurka egindako polizia operazio handiena burutu zuen Espainiako Poliziak Seguran (Gipuzkoa), Batasuneko 23 kide atxilotuta. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuna "berrantolatzea" egotzi zien atxilotuei. Sarekada hartan ondorengo lagunak atxilotu zituzten: Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Mikel Zubimendi, Imanol Iparragirre, Angel Elkano, Juan Joxe Petrikorena, Marisa Alejandro, Egoitz Apaolaza, Iban Berastegi, Xabier Albisu, Patxi Urrutia, Jon Garai, Juan Cruz Aldasoro, Arantxa Santesteban, Maite Fernandez de la Bastida, Maite Diaz de Heredia, Asier Arraiz, Joana Regueiro, Ibon Arbulu, Jean Claude Agerre, Aner Petralanda, Ana Lizarralde eta Haizpea Abrisketa.

2008ko otsailaren 4a. Espainiako Poliziak Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko kideak atxilotu zituen Berriozarren (Nafarroa) eta Iruñean. Legez kanporatu arren, Batasunaren izenean aritzea eta "delitua errepikatzea" leporatuta agindu zituen atxiloketak Garzon epaileak.

2008ko otsailaren 11. Espainiako Poliziak ezker abertzaleko 12 kide atxilotu zituen Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak izatea leporatuta. Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko kideak zeuden atxilotuen artean. Karmelo Landa, Sonia Jacinto, Jesus Mari Agirre, Mikel Etxaburu, Eusebio Lasa, Peio Xabier Galvez, Mikel Garaiondo, Joseba Zinkunegi, Josetxo Ibazeta, Iñigo Balda, Txema Jurado, Karmele Aierbe, eta Nuria Alzugarai izan ziren atxilotuak.

2008ko irailaren 25a. Frantziako Poliziak Batasuneko hamalau lagun atxilotu zituen Iparraldean, Laurence Le Vert eta Marie-Antoinette Houyvet epaileek aginduta. Tartean, Batasuneko Ipar Euskal Herriko arduradunak eta Batasuneko langileak atxilotu zituzten. Honakoak izan ziren atxilotuak: Xabi Larralde, Jean-Claude Agerre, Jean-François Lefort, Antton Etxeberri, Giuliano Cavaterra, Aurore Martin, Haritza Galarraga, Frederic Karrikart, Patricia Martinon, Eñaut Elosegi, Maider Duhalde, Jon Irazola eta Jokin Etxebarria. Donibane Garaziko Kalaka Herriko Tabernaren finantziazioari buruzko auzia eta Alain Ducasse sukaldariaren jatetxearen kontrako atentatuei buruzko auziaren harira atzeman zituzten.

2009ko urtarrilaren 23a. Espainiako Poliziak ezker abertzaleko zortzi kide atxilotu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. D3M hautes plataformarekin zerikusia zuten atzemandako lagunak eta Batasunaren buruzagitza "berreraikitzen saiatzea" egotzi zien Garzon epaileak. Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Amparo Lasheras eta Iñaki Olalde atxilotu zituzten.

2009ko urriaren 13a. Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta, Mañel Serra eta Ainara Oiz ezker abertzaleko kideak atxilotu zituen Donostian, Hernanin (Gipuzkoa), Iruñean eta Burlatan (Nafarroa). Garzonek agindu zuen operazioa, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutelakoan. Epaileak gaur (urriak 16) Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelara bidali ditu. Etxeberria eta Oiz baldintzarik gabe libre geratu dira, eta Morenori, Esnali eta Serrari hamarna mila euroko bermea jarri die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.