atxiloketak

34 gazte atxilotu dituzte bart Hego Euskal Herrian, Segirekin lotuta

Gazte mugimenduaren kontrako operazio zabala egin dute Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Grande Marlaska epaileak aginduta. Gutxienez, beste zazpi gazteren bila dabiltza. 90 bat miaketa dituzte, halaber. Polizia iturrien arabera, gazte erakundea "berrosatzen" ari ziren. AAMk ohartarazia zuen operazio zabalen bat egingo zutela.
Guardia zibilak eta ertzainak, gaur, Lekeition.
Guardia zibilak eta ertzainak, gaur, Lekeition. / Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Berria -

2009ko azaroak 24
Polizia operazio zabala egin dute gaur goizeko bostetatik aurrera Hego Euskal Herrian gazte mugimenduaren kontra, Segi gazte erakundearekin lotuta. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendu du -Donostian egon da- eta =l34 gazte atzeman==http://www.berria.info/albisteak/37571/ATXILOTU_ZERRENDA.htm=l dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Operazioak zabalik jarraitzen duela diote eta, gutxienez, beste zazpi gazteren bila dabiltza. Madrilera bidean dituzte 34 gazteak. 90 bat miaketa egin dituzte poliziek, euren jakinarazi dutenez: etxeak, gaztetxeak, elkarteak... Poliziak esan du dokumentazioa, Segiren eta ETAren argitalpenak, lehergailuak egiteko materiala, sobreetan sei mila euro eta abar aurkitu dituztela. ETArekin lotzen dute Segi poliziek eta, horien arabera, gazte haiek "berrosatzen" ari ziren. "Horretaz informazioa lortzea da helburuetako bat", diote Espainiako berri agentziek, polizia iturriak aipatuta. Espainiako Gobernuko Barne Sailak dio "ETAren harrobiaren buruzagitza desegin" dutela, "Segiren egitura klandestinoa ia osorik" ere bai -haien arabera, herrialde eta eskualde arduradunak atzeman dituzte-, eta "kolpe gogorra" eman dutela operazioarekin. Haren arabera, bi talde zituzten osatuta: Gazte Independentistak eta Segi klandestinoa. Espainiako Auzitegi Gorenak "talde terrorista" gisa jo zuen Segi =l2007ko urtarrilaren 19an==http://www.berria.info/albisteak/18750/Jarrai_Haika_eta_Segi_talde_terrorista_direla_erabaki_du_Auzitegi_Gorenak.htm=l -bere garaiko Jarrai eta Haika ere bai-. Hego Euskal Herrian, ordea, Segik ez du jendaurreko ekitaldirik egin urteetan; Ipar Euskal Herrian bai, ez delako ilegala Frantziako Errepublikan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) lehengo asteazkenean ohartarazi zuen Euskal Herrian polizia operazio zabalen bat prestatzen ari zirela. "Datozen egunetan burutuko litzatekeen polizia operazio baten informazioa jakin du AAMk", zioen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna