ADIERAZPENA. Kursaaleko deia

 

Berria -

2009ko azaroak 29
"San Inazio bezperan sekulako kolpea jaso genuen: Ahozko epaiketa geneukala, sobreseimendua eta artxiboa espero genituenean... San Inazio egunez eman genuen prentsaurrekoan hau genioen: “Gure dei ozena, garrasi urratua luzatu nahi diogu, beste behin ere, sekula abandonatu ez gaituen euskal gizarteari, bere laguntza, arnasa eta babesaren beharrean jarraitzen dugula esateko, hemendik epaiketara begira bereziki, noiz iritsiko den ez badakigu ere. ...Babesa eskatzen diogu kalbario honen aurrean, amaitu ez den erasoaren aurrean, beste behin ere, beti babestu gaituen euskal jendarteari. Eta aurretiaz esaten dizuegu mila-mila esker. Handia da jada lagundu diguten guztiekin metatu dugun zorra”. Prentsaurrekoan genioen hau, guretzat jai eguna ez beste dena izan zen San Inazio egun beltz hartan. Bost hilabete beranduago gauza bera eskatzen eta eskertzen dizuegu, oraingo honetan kantu giroan. Epaiketa baten berri eman ziguten orduan, geroztik beste bat ere erantsi digute. Lehena, sumarioa, datorren 15ean hastekoa da. Bigarrena, ekonomikoa, ez dakigu noiz. Zuen aurrean gaude bietako auzipetuok. Gurekin batera absoluzioa eskatzera gonbidatu nahi zaituztegu. San Inazio bezpera arte, sobreseimendua eta artxiboa eskatzen genituen. Harrez gero, absoluzioa, nahiz eta jakin hori ere ez dela justizia osoa. Justiziak, absoluzioaz gainera, erreparazioa exijitzen du, eta gure aurkako erasoaren arduradunak akusatuen aulkian jarri eta zigortzea. Baina nork erreparatuko digu guri, guri eta gure familiei, zazpi urte hauetako sofrikarioa? Zoritxarrez, sofrimenduaren monopoliorik ez daukagu guk: sentibera gara gure bide beretsua daramaten guztiekin, (beraiekin eta haien familiekin) atxiloketan hasi eta, epaiketan barrena auskalo non bukatzen den bide malkartsu hori egin beharra duten guztiekin. Gaur bertan manifestazio bat burutzen ari da Bilbon, egunotan gazte andana atxilo eraman izana salatzeko. Bihoakie gure elkartasunaren besarkada. Gurera itzuliz, mila aldiz eskatu dizuegun laguntza berriro ere eskatzera gaztozkizue. Lagun gaitzazue zentzugabekeria eta bidegabekeria hau salatzen. Euskara, euskal kultura, euskal komunikabideak bultzatzearren garamatzate tribunaletara, tesi polizial eta elkarte mendekati batzuen eskutik. Garrantzi handikoa da gu hamarrontzat eta gure familientzat estualdi honetatik libre ateratzea. Zer esango dugu guk?. Baina garrantzitsua da baita ere euskararentzat, euskalgintzarentzat, euskalgintzako gizarte erakundeentzat. Maltzurra da oso tesi poliziala: erakunde ofizialetatik aparteko euskalgintzaren lana ETAren zerbitzukoa dela baitio. Gure kondenak tesi polizial hori dotrina juridiko bihurtzeko bidean jar lezake. Eta amaitzeko, dei bat luzatu nahi dizuegu. Zuek babestuta egin nahi dugu bide puska hau. Mila modutara lagun gaitzakezue: epaiketaren gastuak arinduz, elkartasuna adieraziz, bidegabekeria salatuz. Edota, gaur hemen egin dugun bezala. Baina badaukagu erronka zehatzagorik ere Kursaal honetatik zuen aurrean jartzeko. Hartu zuen agenda eta apuntatu itzazue egun bat eta hiri bat: Abenduak 19, Bilbo. Euskal Herriko hiribururik handieneko kale zabaletan manifestazio erraldoia abiarazi nahi dugu =iEGUNKARIA LIBRE!=i goiburuaren atzean. Gure begi ninietan denok gordeta daukagu 2003ko otsailaren 22an Donostian inprobisatu zen manifestazio erraldoia =iEgunkaria=i-ren itxiera salatzeko. Euskal jendartea aztoratu egin zuen =iEuskaldunon Egunkaria=i modu hartan itxi izanak, baina aurretik ere beste hainbat bidegabekerirekin edalontzia beteta zegoen. =iEgunkaria=i-renarekin gainezka egin zuen, eta euskal jendeak ‘nahikoa da, aski da!’, esan zuen. Gaur egun ere ‘aski da!’ esan beharrean gaude. Edalontzia gainezka dago. Errekuperatu dezagun orduko oroitzapen hura eta atera dezagun berriro kalera. Lagunok, zuei esker badakigu ez gaudela bakarrik. Alderantziz. Zazpi urteotako historiak erakutsi digu Liverpooleko ereserkiak edo Benitoren abestiak baino ozenago esaten diguzuela: =iyou’ll never walk alone=i edo =iez zara inoiz bakarrik joango=i. Badakigu, bai, askatasuna ezin diguzuela eman baina bai indarra eta libre izateko adorea. Eman diguzuen laguntza hori eskertu nahi dizuegu, emango diguzuena ere bai. Hemen bildu zaretenoi, kantari eta gainerakoei, eta zuen bidez Euskal Herri osoari, gure eskerrik beroena, bihotzez. Eta ez ahaztu: abenduaren 19an, Bilbon, =iEGUNKARIA LIBRE!=i aldarrikatuz elkar ikusiko dugu. Mila-mila esker guztioi!". =b2009ko azaroaren 28an, Donostian, ‘Egunkaria’-ko auzipetuak=b

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna